Koadrillak, arroza prestatzen
Jatorrizko helburuei eustearen beharra aldarrikatu dute gazteek, eta Astelehentxutxuren oinarriari heltzeko dei egin dute. Gazteok elkar ezagutzeko, harremnatzeko eta komunikazteko eguna legez sortu zuten Astelehentxutxu, eta sustraietara jo gura dute barriro. Hari horri tiraka, elkarri lotzeko, korapilatzeko dei egin dute antolatzaileek.
Enredeu, eta ez galdu harixe da aurten Astelehentxutxuk dakarren leloa, eta horretan ari dira antolakuntza lanetan dabiltzan gazteak. Astelehentxutxu antolatzeaz arduratzen zen asanbladari bultzada eta laguntza eman asmoz, gainera, herriko gazte eragile ezberdinak ere inplikatu dira aurten: Ernai, Asunek talde feminista, Gazte Asanblea eta Ikasle Asanblea. Horiek denak hasiak dira enredatzen. Horretarako, egunero Astran batzen dira, 17:00etatik 20:00etara. Beraz, gonbite zabala egin dute, prestaketa lanetan lagundu nahi dutenentzat. Kamisetak ere, institutuan ez ezik, Astran izango dituzte salgai.
Era berean, zapatuan bertan ere herriko gazteen inplikazioa ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute; dela tailerretan parte hartzen, mahaiak batzen edota txandak egiten. Eta, urtero legez, bazkalostean merkatu plaza txukun eta garbi uzteko eskatu dute.
Gazte eragile ezberdinen inplikazioarekin Astelehentxutxuk bere nortasuna berreskuratu dezala gura dute. Horregatik, egunaren formatua mantendu dute, eta goizean, aurten, hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte. Paella txapelketan, aurten, itxura da baloraatuko dutena. Arrozak apaintzeko gaia Astraren 10. urterrena izango dela jakinarazi dute.
Gazteen olinpiadak
Zazpi urte dira Gernika-Lumoko gazteek elkar ezagutzeko eguna antolatzen dutena. Aldarrikapenarekin batera, festa giroa izango da aurten ere merkatu plazan. Paella txapelketa egingo dute berriro baita olinpiadak ere. Egitaraua beteago dakartzate zapaturako, eta Zirkinik Bez erromeriak eta Dj Kannakyk jarriko diote musika gauari.
Gazteak, bateko zein bestekoak, batzea da Astelehentxutxuk duen helburua. Eta gazte horiek elkarrekin korapiloak sor ditzatela, harremanak eginez.