Bariku-zapatuan, Gernika-Lumoko Arrano Etxea defendatzeko eskatu diete herritarrei
Epaiari planto egin eta egun osoan hainbat ekimen egin zituzten ekainaren 28an
Arrano libre eta zabalik gura dutela aldarrikatuko dute Gernika-Lumon datozen orduetan. Aurrerantzean zabaldu gura duten aldarriaren lehen 24a orduak izango dira, eta parte hartzeko dei berezia egin diete herritarrei; «Arrano libre izango bada, denon inplikazioarekin izango da», esan dute. Horretarako, 17:30ean umeen jaiarekin hasiko den egitaraua prestatu dute. Ostean, kontzertuak izango dira, eta 20:15ean egingo dute ekitaldia eta kopaua. Arrano gaua egingo dute gero, eta hurrengo egunean izango du jarraipena egitarauak. Zapaturako, bereziki, 12:30ean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Orain 12 urte hasi zen 35/02 auzia, eta uda hasieran eman zuten jakitera Auzitegi Gorenaren ebazpena. Auzitegi Nazionalak emandako sententzian zigortutako 111 elkarteetatik sumariotik kanpo utzi zituen lau, horien errekurtsoa onartu ostean. Dena den, 107 kultur elkarte zigortu zituen Gorenak; tartean, Gernika-Lumoko Arrano Kultur elkartea, Bermeoko Bolatoki, Lekeitioko Galarrena, Markina-Xemeingo Amaiur, Ondarroako Uxola eta Mutrikuko Zubixa.
Era berean, 35/02 sumarioan epaitu eta zigortu dituzte Karmelo Landa eatarra eta Sukarrietako bizilagun Jon Martinez. Urtebete eta 10 hilabeteko zigorra agindu du Gorenak Landarentzat, eta urtebete eta hiru hilabetekoa Martinezentzat. Isa Mandiola markinarra 2014ko martxoan utzi zuten sumario horretatik kanpo.
Akusatuen kontrako sententzia exekutatzeko eman du Auzitegi Nazionalak. Kartzela zigorra bete beharrik ez dute (behin-behineko kartzelaldian bete dutelako), eta fidantzak eta isunak likidatzeko agindua emana du.
35/02 epaiari helegitea jarri diote abokatuek Auzitegi Konstituzionalean. Orain, horiek
aztertuko dituen ebatzi behar du auzitegi horrek.
Egitaraua
Barikuan
17:30. Umeen jaia.
19:00. Tears&Beers taldearen kontzertua.
20:15. Ekitaldi nagusia. Ostean, kopaua.
22:00. BackBone.
23:30. Arrano gaua: DJ Txaparron, olinpiadak Juan Kaltzada kalean eta Gaubela Harizpen.
*Gaubela egin nahi dutenek esterilla eta lo zakua etxetik eraman beharko dute.
Zapatuan
10:30. Gosaria.
11:30. Euskal Herria libre mahaingurua.
– Bitartean, umeentzako jolasak ipiniko dituzte.
12:30. Manifestazioa.
14:00. Desafioa, Busturialdeko herrien artean.
15:00. Herri bazkaria. Tiketak Arranon salgai. (Umeentzako menua ere egongo da).