Mobilizazioak egin zituzten ekainean, epaiaren aurka
Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsi zuen Gorenak, eta azken bidea agortu du defentsak: Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzea. Urriaren 2an amaitu zen horretarako epea, eta zer gertatuko zain daude orain. Bermeoko Bolatoki-ren eta Gernika-Lumoko Arrano, Lekeitioko Galarrena eta Markina-Xemeingo Amaiur kultur elkarteetako abokatu Aitor Amutioren esanetan, normalena litzateke hilabeteko epean jakitea Auzitegi Konstituzionalak helegiteak aztertzea onartu duen ala ez. «Kasu berezi batzuetan bakarrik aztertzen ditu helegiteak, eta gerta daiteke erabakitzea herrikoek ez dituztela betetzen baldintza berezi horiek», esan du. Hala balitz, Auzitegi Nazionalak epaia exekutatzeko agindua emango lukeela esan du Amutiok.
Dena den, helegiteak aztertzea erabaki dezake Konstituzionalak; baina epaia eman bitartean ere behin-behineko neurriak har ditzakete, eta ondasunak bahitu.»Hori eskubide urraketa izugarria litzatekeela uste dugu» –dio abokatuak– «behin ondasunak bahituta atzera bueltarik ez legokeelako. Estatuaren menpe geratuko lirateke, eta salduko balitu ezingo lirateke berreskuratu». Dena den, epaia eman arte urteak joan daitezkeela esan du Amutiok, eta jarduna eten ostean zaila izaten dela berreskuratzea.
Gerta liteke, hala ere, sententzia kaleratu bitartean dena bere horretan uztea, eta hori da abokatuek eskatu dutena.
Guztira, 111 elkarte daude bahitzeko aginduaren arriskupean. Hala ere, ondasunen bahiketak kasuz kasu aztertu beharko liratekeela dio abokaatuaak. «Eraikin batzuk pertsona fisiko baten jabegoa dira, beste batzuk elkarte baten esku daude, beste batzuk alokairuan…». Alokairuan daudenen kasuan (Bermeo, esaterako) ez du batere argi ikusten ondasunak bahitzeko agindua nola gauzatu daitekeen.
Dena den, auzian gauza asko zentzurik gabe egin dituztela gogoratu du Amutiok: «Zentzugabekeria da, baita, ondasunak bahitzea baina elkarteek, beste lekuren batean, jardun berarekin jarraitzeko aukera izatea».