Busturialdeko hamar ikastetxeetan landuko dute ikasturte honetako lehenengo hiru hilabeteetan. Guztira, eskualdeko 500 bat ikaslek parte hartuko dute egitasmoan.
Dagoeneko, Busturiako eskolan eta Gernika-Lumoko Allende Salazar eta San Fidel ikastetxeetan aste honetan ekin diete programa lantzeari. Eta datozen asteetan honako zentroetan ariko dira egitasmoa garatzen: Gernika-Lumoko Mertzede, Seber Altube eta CIP Gernikan Arratzuko Barrutialde institutuan eta Barrutia ikastetxean, Gautegiz-Arteagako eskolan, eta Muxikako eskolan.
2008-2009 ikasturteaz geroztik, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Inmigrazio zerbitzuak urtero antolatzen du egitasmo hau. Eta hiru helburu zehatz ditu: Aniztasuna errespetatzeko jarrerak bultzatzea, etorkinei buruz dauden estereotipoak modu kritikoan aztertzea, eta kultura desberdinen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko jarraibideak ematea.
Horretarako, ikastaroak Biltzeneko laguntzaile diren monitoreek emango dituzte. Hain zuzen ere, Marokoko (Afrika), Argeliako (Afrika), Beningo (Afrika), Errumaniako (Europa), Venezuelako (Hego Amerika) eta Peruko (Hego Amerika) bizilagunek izango dute saioak gidatzearen ardura.
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Inmigrazio zerbitzutik azaldu dutenez, berebiziko garrantzia du monitoreak jaioterri desberdinetakoak izatea: «Ikasleen artean etorkinei buruz dauden estereotipoak apurtzeko».
Sei orduko ikastaroa
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta dago sentsibilizazio programa. Horiek sei orduko ikastaroa egingo dute, ordu eta erdiko lau saioetan banatuta.
Lehenengo saioan nortasunaren eta kultur arteko aniztasunaren inguruan ariko dira. Bigarrenean, inmigrazioa eta estereotipoak izango dituzte mintzagai, jarrera desberdinen azterketa eginez. Hirugarren saioa, berriz, gatazkak konpontzeko jarraibideei buruzkoa izango da. Azkenik, laugarrenean, kultur arteko gatazkak eta berezitasunak landuko dituzte ikasleek.
Kultur arteko Bizikidetza eta Integraziorako Biltzen deritzan zerbitzuak diseinatu eta antolatu du proiektua. Eta Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzaren diru-laguntza bati esker garatuko dute.
Sei orduko ikastaro honetan gain, beste bi aukera ere eskaintzen dituzte Inmigrazio zerbitzutik. Alde batetik, zine-foruma egiteko eskaintza dago, eta beste alde batetik, ikus-entzunezko komunikabideen irakurketa kritikoa egiteko tailerra.