Bide segurtasuna hobetu aldera, errepide nagusiko argiteria berrituko dute Sukarrietan
Herriko irisgarritasuna eta bide segurtasuna hobetzeko lanean ari da Sukarrietako Udala. Maiatzean, semaforo sistema berria jarri ondoren, orain Sukarrieta zeharkatzen duen errepide nagusiko argiteria berrituko dute.
Herriko errepide nagusiaren bide segurtasuna, irisgarritasuna eta ikuspena hobetu gura dituzte argiteria berrituta. Hala, bonbilla zaharrak LED teknologiazko beste batzuengatik ordezkatuko dituztela jakinarazi dute udaletik. Eraginkortasun handiagoko bonbillak jarriko dira eta gutxiago kusatzen dituztenak. Energia elektrikoaren kostua murriztu egingo da, eta LED teknologiazko kale-argi berriekin atmosferara igorritako CO2-a eta FHS-a (goiko hemisferiora igorpena) ere murriztuko da, indarrean dauden araudietara egokituta.
Sukarrietako Udaletik azaldu dutenaren arabera, «bonbilla batzuen batzuk 30 urtetik gora dituzte, eta hondatuta daude. Horregatik, zenbait kasutan kale-argiak oinarritik aldatuko dira. Modu horretan, berritze lanak egin bitartean, zenbait lur eremu partikular okupatu beharko ditugu». Herritarrei, hortaz, «pazientzia eta jarrera ona agertzea» eskatzen diete, eta lanek sor ditzaketen eragozpenak gutxitzeko konpromisoa hartzen dutela adierazi du Sukarrietako alkate Peru Sainz de Vizcayak.
Argiteria hobetzeko lanak egiteko aurrekontua 18.288 eurokoa da, kopuru horri, baina, kale-argiak konpontzeko behar den inbertsioa gehitu behar zaiola dio alkateak.
Bonbilla zaharrak aldatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako EEE-ren (Energiaren Euskal Erakundea) diru laguntzak jaso ditu Sukarrietako Udalak.