Atzo Bilbon egindako aurkezpena.
Rider profesional onenen ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da udalerriko kaleetan eta portuan. Izan ere, etzi Bilbon egingo dute City Downhill World Tourreko jardunaldi bat, eta hori aprobetxatuta, astelehenean, Bilbotik Bermeora jauzia egin eta erakustaldia emango dute.
Bermeoko alde zaharreko kaleetatik eta portutik zirkuitu ikusgarria egingo dute. Bizikleta gainean, saltoak, birak eta oztopoak gaindituz erakustaldia emango dute. Txirrindulari federatuek hartuko dute parte lehiaketan.
Bestalde, City Downhill World Tour-eko
rider profesionalek erakustaldia emango dute. Haien abileziagaz aho zabalik utziko dituzte bertaratutakoak.
09:00etatik 10:00etara izen ematea egin ostean, 13:00ak arte entrenamendu ofizialetan ariko dira partaideak. Gero, 14:30etatik 16:30etara klasifikazioen txanda izango da.
17:00etatik aurrera lehiatuko dute finala, eta 18:45ak aldera hasiko da sari banaketa.
Muturrreko bizikleta jaitsieretan onenak
Zapatuko Bilboko jardunaldia Munduko muturreko bizikleta jaitsiera txapelketarako puntuagarria da. Hain zuzen ere, 2015eko City Downhill World Tour txapelketa egiten duten bigarren urtea da. Munduko bost hiritan banatuta dago proba: Valparaiso (Txile), Santos (Brasil), Bratislava (Eslovakia), Bilbo eta Taxco (Mexiko). Azken hiri horretan jokatuko dute finala, hilaren 24ean.
Beraz, bai Bilbon eta baita Bermeon ere, muturreko bizikleta jaitsieretako punta-puntako profesionalen abileziaz gozatu ahalko da. Besteak beste, nazioarteko zerrendako lehenengo hirurek hartuko dute parte: Filip Polc eslovakiarra, Tomas Slavic txekiarra eta Joahannes Fischbach alemaniarra. Era berean, beste izen handiko profesionalak ere ariko dira lehian, esaterako, Bernardo Cruz brasildarra, Ivan Kunaev errusiarra, Ben Moore britainiarra eta Matt Walker zeelandaberritarra.
Bilboko Etxebarria parkea muturreko txirrindularientzako zirkuitu bihurtuko da zapatuan. Goizeko entrenamenduen ondoren, 14:30ak inguruan hasiko da ikuskizuna.
Etxebarria parketik Gas plazara ere jaitsiko dira, baina, aurretik hainbat oztopo gainditu beharko dituzte. Zortzi eta hamabi metro bitarteko oztopoak pasatuko dituzte.
Bilbon zein Bermeon parte hartu gura duten txirrindulari federatuek honako helbide honetan apuntatu behar dute:
www.bilbaocitydownhill.com. Bi egunetarako izen emateak 70 euro balio ditu.