Julen Aranguenak irabazi zuen iaz Ereñozarrera igoera.
Mikel Deunaren jaien barruan egingo dituzte kirol ekintza biak.
Aurtengoa 34. Ereñozarrera igoera izango da. 13:00etan hasiko da lehia. Aurretik, 12:45ean udaletxe ondoan egingo dute izen ematea (doakoa da).
Partaide guztientzako egongo dira sariak. Lehenengoak txapela eta 100 euro jasoko ditu, bigarrenak 70 euro eta hirugarrenak 50 euro. Halaber, herriko lehenengoarentzat 20 euroko saria dago.
Iaz 20 parte hartzaile izan ziren, eta Julen Aranguena nagusitu zen. Kortezubitarrak bederatzi minutu eta hamar segundutan egin zuen San Migel ermitarainoko ibilbidea.
Lehia estua egon zen lehenengo heldutakoen artean. Izan ere, Josu Uriarte bigarrenak, bederatzi minutu eta hamasei segunduko denbora egin zuen, eta Joanes Goitisolo hirugarrena, Uriarterengandik segundu bakarrera heldu zen. Herriko lehena, Peio Akaiturri izan zen, hamabi minutu eta 29 segundugaz.
Arratsaldean Herri Kirolak
Bestalde, 17:30etatik aurrera, Herri kirolen erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da.
Besteak beste, trontza eta motosierra arteko desafioa, Iker Murueta harrizulatzailearen saioa, eta Santi Zubizarreta eta Mikel Alzolaren arteko proba izango dira.
Ibon Undabarrenak ere harrijasotzean duen abilezia erakutsiko du, eta trontzan lehiatuko dira Arkaitz Ispizua eta Beñat Urzuriaga, Santi Zubizarreta eta Karmele Gisasolaren kontra.