Juan Carlos Iriar piano jolea
Juan Carlos Irizar musikari eta piano jolearen eskutik,
We are like you (Zu bezalakoak gara) proiektuaren aldeko ongintzazko kontzertu bat hartuko du zapatuan, hilaren 19an, Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak. Kontzertua 20:00etan hasiko da, eta gutxi gora-behera ordu bat eta 15 minutu iraungo du.
Arrasateko Aita Menni ospitalaren bitartez izan zuen Irizarrek Liberiako (Afrika) osasun egoeraren berri. Ebola gaitzaren ondorioz, egoera kaxkartzen hasi zen Afrikako herrialde horretan. Egoera horregaz kezkatuta, bere baliabideak erabili eta laguntza ematea otu zitzaion Gipuzkoako musikariari.
Hala, ongitzazko hamabi kontzertu antolatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herritan. Orain arte, Eskoriatzan, Zumaian, Zaldibarren, Arrasaten, Durangon, Aramaion eta Donostian izan da beste hainbat musikarigaz batera, eta asteburu honetan Gernika-Lumora iritsiko da bere eskuzabaltasuna.
Gipuzkoarrak kontzertu guztietan parte hartzen du, eta herri bakoitzean gonbidatu ezberdinak izaten ditu; Gernika-Lumon, esaterako, Iker Orozko oboe-jotzaileak eta Gaudeamus abesbatzak (Juli Foruria zuzendari delarik) lagunduko diote Lizeo Antzokiari musika jartzen.
Elkartasunezko merkatuak
Bateko zein besteko kontzertuak doanekoak izaten dira, eta Liberian lagundu ahal izateko dirua emanaldi horietan jartzen duten elkartasunezko merkatuen bitartez jasotzen dute. Hala, Gernika-Lumon ere, badute Aita Menni ospitale psikiatrikoko gaixoek egindako hainbat produktu eta Liberiatik bertatik ekarritako zenbait erropa salgai jartzeko asmoa. Halaber, aipatu proiektua diruz laguntzeko bankuko kontu korronte zenbakia ere jarri dute bertaratzen diren herritarren eskura, norbaitek lagundu nahiko balu.
Musika entzuteagaz eta merkatuan zertxobait erosteagaz batera, bertaratutakoek
We are like you proiektuaren berri izateko aukera ere edukiko dute bihar emango duten hitzalditxoaren bitartez.
Egoera larria Liberiakoa
Liberiako herritarrek bizi duten egoera «latzaren» jakitun da da Irizar; dioenez, «gaixo asko» daude bertan. Gaitzarengatik ez ezik, psikologigoki ere egoera zaila bizitzen ari direla dio. Biztanleriaren %90a oso larri eta gaizki bizi dela azaldu du, eta, gainera, ustelkeria kasu asko dagoela nabarmendu du.
Horrela, herrialde horretan dauden boluntarioek bezala, berak ere «ezer ez daukatenei laguntzeko» prestutasuna erakusti du. Karitatezko emanaldi horietan eta kontu korrontearen bitartez eskuratutako diruagaz, esaterako, psikologo edo psikiatra bat Liberiara bidaltzeko asmoa duela adierazi du.
Bitartean, musika emanaldi horietara bertaratzen direnek egun polit bat pasatzea espero du gipuzkoarrak. Hala, Gernika-Lumon emango duten saiora bertaratzeko deia egin die herritarrei.