San Miguel ligako azken-aurreko estropada izango da jokoan bihar arratsaldean; hain zuzen, Bermeo Hiriko 33. bandera lehiatuko dute .Igoera-jaitsiera kanporaketa ere jokatuko da
Bermeoko banderaren aurkezpena egin dute asteon Arrantzaleen Museoan
2015eko San Miguel Liga azkenera heltzen ari da, azken asteburua izango baitu oraingoa. Domekan amaituko da liga, Portugaleten, baina, aurretik, zapatu arratsaldean, Busturialdeko uretan ariko dira traineruak. Hain zuzen, Bermeo Hiriko 33. ikurrina izango dute jokoan. Agustin Aranburu Urdaibai Arraun Elkarteko presidentearen esanetan, «Bermeoko estropada Kontxako banderaren errebantxa izango da».
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak eguaztenean amaitu baziren ere, bihar berriz ere jai giroan murgilduko da Bermeo. Kolorez beteko da, Bermeoko banderagatik lehiatzeko etorriko diren traineruen zaletuak hartuko baititu. Kontxako banderaren garaipena burutik kendu ezinean badabiltza ere, Bou Bizkaia-ko arraunlariek herriko bandera lortu gura dutela azaldu du Aranburuk. Hala, «indarragaz eta gogotsu» aterako direla dio.
Hiru txandatan banatuta egongo da Bermeoko estropada. Lehenengoa, 18:00etan hasiko da. Ordu horretan, igoera-jaitsiera kanporaketaren lehenengo estropadagaz hasiko dira. Portugalete, Zumaia, Getaria eta Mugardos egongo dira lehian. Erlojupekoan jokatuko da proba. Lau luze eta hiru ziabogako proba egin beharko dute, eta ontziak minutu bateko aldeagaz aterako dira.
Ondoren, Bermeo Hiriko 33. ikurrina lortzeko lehian ariko dira; Cabo, Pasai Donibane, San Pedro eta Tiran lehenengo txandan, eta, bigarrenean, berriz, Urdaibai, Hondarribia, Kaiku eta Orio.
Urdinez janzteko deia
Bihar urdinez jantzi eta estropada ikustera joateko deia egiten diete Bermeoko herritarrei, «trainerua animatzeko eta bandera irabazi ahal izateko».
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak esan duenez, ohore bat da horrelako lehen mailako kirol ikuskizun bat herrian eduki ahal izatea, eta, dioenez, «harro» egotekoa ere bada. Egun osoan jai girorik ez dela faltako aurreratu du.
Kirol erraza ez dela eta, kirolariei aipamen berezia egin gura izan die alkateak, eta horien «kemena eta eskuzabaltasuna» azpimarratu du.
HAMABI SARI
1. sailkatua. 3.285 euro.
2. sailkatua. 2.925 euro.
3. sailkatua. 2.565 euro.
4. sailkatua. 2.205 euro.
5. sailkatua. 2.025 euro.
6. sailkatua. 1.845 euro.
7. sailkatua. 1.665 euro.
8. sailkatua. 1.485 euro.
9. sailkatua. 1.125 euro.
10. sailkatua. 1.125 euro.
11. sailkatua. 1.125 euro.
12. sailkatua. 1.125 euro.