2015-2016 denboraldian ere, Euskal Herriko eskolentzako ingurumen hezkuntza eskaintza zabala ematen jarraituko du Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek. Dagoeneko, erreserbak egiteko aukera dute euskal eskolek.
Urdaibai Bird Centerrek ingurune naturalen behaketan eta esperimentazioan oinarritutako programa didaktikoa eskaintzen du, esparru teorikoan ikasitakoa dedukzio-ikaskuntzagaz uztartuz.
Eta programa horren baitan, hegaztien mundu mailari lotutako hiru bisita eskainiko ditu batetan, Urdaibaiko hegaztiak eta beraien habitatak: hezeguneak gaia izango dute oinarri. Bestean, hegaztien migrazioa izango da landuko dutena (azarotik aurrera), eta, azkenik, Arrano arrantzalea Urdaibain ezagutzeko aukera izango dute.
Ordubeteko zein bi ordu eta 15 minutuko bisitak egin ahalko dira; lehenengoa aukeratzen dutenen kasuan, zentroan bertan egingo dute bisita, eta bigarrena hautatzen dutenek, berriz, zentroan ez ezik, hezegune inguruan kokatuta dauden behatokietara bisita egiteko aukera ere izango dute.
Bisita horietan parte hartzen dutenek, gainera, irakasle eta ikasleentzako material didaktiko lagungarria izango dute aukeran. Halaber, zentroak gogorarazi duenez, bisita horiek guztiak oso ekipamendu «insartsuarekin» gauzatuko dira; ikus entzunezko material «ikusgarriak» erabiliko dituzte, esaterako, edukien ulermena errazteko.
Bisitok egiteko aukera izango dute, bestalde, Lehen Hezkuntzako 3. ziklokoak eta DBH, Batxilergo eta unibertsitateko ikasleek. Hala, edukiak adin tarte bakoitzera egokituta egongo direla gaineratu zu Urdaibai Bird Centerrek, eta, horrela, bisitaldi bakoitzak unitate didaktiko bat izango du oinarri, «bai ikasleei eta baita irakasleei bisitaldian laguntzeko asmoz».
Erreserba egin beharra
Taldeak, betiere, gehienez, 60 pertsonakoak izan beharko dira. Prezioari dagokionez, ordu bateko bisita egitea aukeratzen dutenek euro bi ordaindu beharko dute pertsonako, eta bisita luzeagoa egin nahi dutenek, aldiz, lau euro pertsonako.
Hala, bisitok egiteko interesa dutenek aurretiaz egin beharko dute erreserba Urdaibai Bird Centerreko 94-625 11 57 edota 699 839 202 telefonoetara deituta.