Gernika eta Getafe B taldearen arteko partida, zapatuan. Argazkilaria: S.D. Gernika.
Madrilgo (Espainia) taldearen kontrako partida ikustera joateko autobusak antolatu ditu klubak. Baina, autobusa egoteko gutxienez 45 lagunek izena eman behar dutela zehaztu dute.
36 euroren truke autobuseko eta partidako txartelak eskuratuko dituzte apuntatzen diren zaleek. Txartelak ondorengo tabernetan daude salgai: Picasson, Aterpen, Biltokin eta Urbietan. Bihar, 14:00etan amaitzen da izena emateko epea.
Domekan, 12:00etan hasiko da Fuenlabrada eta Gernikaren arteko partida. Horregatik, Gernika-Lumoko autobus geltokitik 06:30ean irtengo dira Madrilerantz.
Getaferen kontrako garaipena
Bestalde, aurreko asteburuan Getafe B-ren kontra 3-2 irabazi zuten gernikarrek, Urbietan. Bertan bildutako 700 zale inguruk partida ederraz gozatu zuten.
Galtzen hasi ziren gernikarrak; defentsaren hutsegite baten ondorioz, Arcasek sartu zuen norgehiagokaren lehenengo gola, 19. minutuan.
Aurkariaren golak etxekoen berehalako erantzuna ekarri zuen. Gernikak partidaren jabetza hartu zuen orduan, eta Tomasek bere atean sarturiko golari esker banako berdinketa heldu zen, 34. minutuan. Atsedenaldira joan aurretik, 41. minutuan, Juanek egin zuen Getaferen bigarren gola, etxeko defentsaren hutsegite bat aprobetxatuta.
Partida irabazteko asmoz ekin zion bigarren zatiari etxeko taldeak. 56. minutuan, Entziondoren erdiratzea ondo baliatu zuen Lander Torrealdaik, 2-2-koa eginez. Gero, Josu Santamariak sartu zuen garaipenaren gola, neurketa amaitzeko hamar minuturen faltan.
Sailkapenean hirugarren
Denboraldia hasi denetik, hiru garaipen lortu ditu Gernikak, eta porrot bakarra–Arenasen kontrako derbia 0-1 galdu zuten–. Bederatzi puntugaz, hirugarrena da sailkapenean. Hain zuzen ere, Barakaldo laugarrenak ere bederatzi puntu lortu ditu orain arte. Gernikaren aste honetako aurkaria, Fuenlabrada, zazpi puntugaz bosgarrena da sailkapenean.
Halaber, Real Madrid Castillak jarraitzen du lider, hamabi puntugaz. Getxoko Arenas bigarrenak hamar puntu ditu.