Bermeo eta Zamudioren arteko partida.
Argazkilaria: Bermeo futbol taldea.
Hirugarren mailako bosgarren jardunaldiko partida jokatu zuten atzo, Etxezuri futbol zelaian. Bermeo irabazten hasi zen, 30. minutuan Zuluetak eginiko golari esker.
Atsedenaldira 0-1-eko markagailuagaz heldu ziren, baina, bigarren zatia hasi eta berehala Aboitizek sartu zuen banako berdinketaren gola, 47. minutuan.
Ondoren, 70. minutuan epaileak Deustoren aldeko penaltia adierazi zuen. Kepa del Olmok ez zuen hutsik egin, eta 2-1-ekoa sartu zuen.
Bermeotarrentzat denboraldiko bigarren porrota izan zen atzo arratsaldekoa.
Izan ere, lehenengo hiru jardunaldiak porrotik barik pasatu ostean, Bermeok aurreko asteburuan 0-1 galdu zuen Zamudioren kontra. Paul Abasolo Zamudioko jokalariak penaltiz sartu zuen neurketako gol bakarra.
Domekan, etxean
Aste honetan bi jardunaldi jokatuko dituzte Hirugarren mailako taldeek. Atzoko partidaz gain, domekan, Ondarroako Aurreraren kontra jokatuko du Bermeok. 17:30ean hasiko da Itxas Ganen bi taldeen arteko lehia.
Sailkapenean azken lekuan dagoen taldea hartuko du etxean Bermeok. Orain arteko bost jardunaldietan puntu bakarra lortu dute ondarroarrek. Bermeok, berriz, bost puntu ditu, eta hamabosgarrena da sailkapenean.
Basconia da liderra 11 puntugaz, eta Balmaseda bigarrenak ere puntu berdinak pilatu ditu orain arte. Deusto hirugarrenak eta Zamudio laugarrenak, ostera, 10 puntu dituzte.