
Euskal oiloen erakusketa izaten da Mendatan
Euskal oiloen azokaren XIX. edizioa hartuko du Mendatak domeka honetan. Beraz, beste urte batez, lehen sektoreagaz duen konpromisoa erakutsiko du Busturialdeko herri horrek.
09:00etan hasita, guztira 30 postu baino gehiago ipiniko dituzte Eleizalden. Parkinean, bestalde, 120 kaiola baino gehiago izango direla zehaztu du antolatzaile lanetan ari den Idoia Malleak. Oiloez gain, hegaztiak ere izango dira han, baita abelburuak ere.
Udaletxe aurrean, bestalde, nekazal produktuen salmahaiak izango dira: ardi eta ahuntz gazta, patea, eztia, kontserbak, txakolina, ogia, taloa eta txorizoa, euskal pastela eta Mendatako mendi martxako kamisetak salgai izango dira, besteak beste, domekako azokan. Frontoian, bestalde, artisauen postuak ipiniko dituzte.
Txarri okelaren pintxoak
Bertoko oiloen bost arrazak izango dira iksugai domekan, Mendatan: oilo zilarrak, lepasoilak, marradunak, beltzak eta gorriak. Guztira, ehun kaiola era hegaztientzako zabalguneak ipiniko dituzte erakusketan.
Eguerdi partean, gainera, burduntzian erretako txerria dastatzeko aukera ere izango da nekazal azokan. 12:15etik aurrera, txarri okelaren pintxoak ipiniko dituzte bisitarien eskura.
Proba zaleek ere zegaz gozatu izango dute. Izan ere, 12:30ean hasita, idi probak jokatuko dira Mendatako probalekuan.
Aurten Parisiko Iturbe anaien idi uztarriaren eta Barrikako Jose Elortegi Txapas-en idi uztarriaren arteko lehia ikusteko aukera izango da.