
Aurreko domekan zelairatu zen hamaikakoa.
2.B mailako denboraldiko laugarren norgehiagoka izango da. Hain zuzen ere, etxean jokatzen duten bigarren partida da etzi lehiatuko dutena, eta orain dela bi aste moduan Urbietako harmailak zalez betetzea espero dute.
18:00ean hasiko da etxeko eta Madrilgo (Espainia) taldearen arteko lehia.
Garaipen garrantzitsua
Bestalde, domeka eguerdian, Ciudad Realgo (Gaztela Mantxa, Espainia) Socuellamos taldearen zelaian garaipen garrantzitsua lortu zuten gernikarrek.
Partida bikaina egin zuten, eta markagailuak ere horrela adierazten du: 1-4 irabazi zuten. Lehenengo minutuetan Gernikak gol aukera garbiak izan zituen; Lander eta Entziondo gola egiteko zorian egon ziren. Baina, 24. minutuan heldu zen 0-1-ekoa. Jacintok bere atean sartu zuen norgehiagokaren lehen gola.
Etxeko taldeak erantzuteko astirik ere ez zuen izan; 28. minutuan Entziondok sartu zuen Gernikaren bigarren gola, falta jaurtiketa batean. Lehenengo zatia amaitu aurretik, Kike Dominguezek egin zuen 1-2-koa, 32. minutuan.
Bigarren zatian, etxeko taldeak presio gehiago egin zuen, baina, ez zuen markagailua berdintzerik lortu. Etxabek, aurretik gol aukera batzuk izan ostean, 75. minutuan sartu zuen gernikarren hirugarren gola. Jaurtiketa bikaina eginez, norgehiagoka erabakita utzi zuen.
Gero, 84. minutuan heldu zen 1-4-koa. Santamariak Larruzearen pasea ondo aprobetxatu zuen.
Sailkapenean laugarren
Denboraldia hasi denetik, bi garaipen lortu ditu Gernikak, eta porrot bakarra–Arenasen kontrako derbia 0-1 galdu zuten–. Sei puntugaz, laugarrena da sailkapenean. Real Unionek eta Barakaldok ere seina puntu dituzte, eta bosgarrenak eta seigarrenak dira, hurrenez hurren.
Lehenengo postuan Real Madrid Castilla dago, bederatzi puntugaz. Getxoko Arenas bigarrenak eta Fuenlabrada hirugarrenak zazpina puntu dituzte.