
Gabika auzoko lasterketa Euskadiko txapelketarako proba puntuagarria izango da.
Bertoko eta kanpoko pilotuen erakustaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du txapelketak, beste behin. 45 moto gidarik eman dute izena dagoeneko, kategoria desberdinetan. Bihar zehaztuko dute parte hartzaile kopurua.
Hain zuzen ere, umetxoen, kimuen, gazteen, eliteen, beteranoen eta klasikoen mailako lasterketekin gozatzeko aukera edukiko dute bertaratzen diren motorzaleek.
Goizean egiaztatzeak eta entrenamenduak egin ondoren, umeen lehenengo lasterketa lehiatuko dute –eta arratsaldean bestea–. 15:00ak aldera hasiko da lehia.
Partaideek bi txanda egingo dituzte, eta kilometro bat eta erdiko luzera izango du moto gidariak ariko diren pistak.
Bertoko ordezkariak
Urtero moduan, lasterketaren antolatzailea den Gernika Off Road-eko kiderik ez da faltako zapatuko hitzorduan. Zein bere kategorian lehiatuko dira, tartean, etxeko pilotu Txomin Arana.
Halaber, bertoko ordezkari hauek ere parte hartuko dute: Unai Gerrikaetxebarria, Alex Olaeta, Oier Lavin, Ander Aldana, Ramon Cobo, Doroteo Aldana, Jose Antonio Ojanguren eta Juan Manuel Ojanguren.
Bestalde, moto gidari ezagunen abilezia bertatik bertara ikusteko aukera bikaina eskainiko du beste urte batez Ereñoko Motokrosak. Besteak beste, Iker Larrinaga gasteiztarra, eta Joan Cros eta Nil Bussot katalanak egongo dira etzi Gabika auzoan.
ORDUTEGIA:
- 08:00-10:00: Egiaztatzeak.
- 10:30-12:00: Entrenamenduak.
- 12:10-13:00: Goizeko umeen txanda.
- 15:30-19:30: Lasterketak.
- 20:00: Sari banaketa.