
11:30ean hasiko da Hirugarren mailako bi taldeen arteko neurketa.
Hain zuzen ere, denboraldiko laugarren jardunaldia izango da asteburukoa.
Zamudioko taldeak bermeotarrek baino bi puntu gehiago ditu sailkapen orokorrean. Hain zuzen ere, Bermeo sailkapeneko zortzigarrena da, bost puntugaz. Zamudio, berriz, laugarrena da. Bermeok bezain beste puntu dituzte Durango seigarrenak eta Beasain zazpigarrenak ere.
Sailkapeneko lehenengo bost taldeak zazpi puntugaz berdinduta daude. Basconia da momentuz liderra. Haren atzetik daude, Deusto, Balmaseda, Zamudio eta Santutxu.
Partidarik galdu barik
Duela hiru aste ekin zioten 2015-2016 denboraldiari Hirugarren mailako futbol taldeek, eta orain arte jokaturiko hiru jardunaldietan ez du porrotik jaso Bermeoko taldeak.
Aurreko asteburuan, 0-0 berdindu zuen Balmasedaren kontra, La Baluga futbol zelaian. Gol aukerak izan eta ondo jokatu arren, hutseko berdinketagaz konformatu behar izan zuen Bermeok.
Ligako bigarren jardunaldia, Eibarren filiala den CD Vitoriaren kontra lehiatu zuten Gasteizen. Etxetik kanpo, 1-2-ko garaipena lortu zuten bermeotarrek. Partida hasi eta bost minutura, etxeko taldeak hartu zuen aurrea markagailuan. Thaylor Luzanbiok sartu zuen Vitoriaren gol bakarra buruz errematatuz, estrategia jokaldi batean. Bost minutu beranduago heldu zen 1-1-koa, Amorrortu gernikarraren bakarkako jokaldi batean. Garaipenaren gola, berriz, Egañak sartu zuen 30. minutuan, penaltiz.
Lehen jardunaldian Bermeok Zallaren kontra bana berdindu zuen etxean. 67. minutuan Villarrek egin zuen 0-1-ekoa, eta Ispizuak sartu zuen berdinketaren gola, 75. minutuan.