Irailean hasi gura dute berriro lanean Autzaganen
Bizkaiko Foru Aldundiak irailean onartu gura du Autzaganeko lanak amaitzeko proiektua, baita obra horien lizitazioa egin. Orain arte lan horien ardura izan duen ABEEk (Aldi Baterako Enpresen Elkartea) bertan behera utzi zituen lanak abuztuan, kostuei a...
Urdinbideko tunelak amaitzeko lanak berriro esleitu behar ditu, beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak. Kanpoko lanak ia amaituta daudela jakinarazi du foru aldundiak, baina horiek zerbitzuan jarrita erabiltzaileen irisgarritsuna eta segurtasuna «nabarmen hobetu diren arren», lurpeko lanak oraindik amaitzeko daudela gogorarazi du administrazio publikoak.
Diputatuaren azalpenak
Autzagane ABEEak argudiatu duenez, ezin ditu bere gain hartu tunelak hondeatzeko eta zerbitzuan jartzeko proiektuak teknika eta ingurumenaren arloan dituen beharrizanek eragindako kostu ekonomiko handiak. Edozelan ere, aldundiak gogorarazi du ABEEak bazekiela lan horiek lizitatzeko pleguetan berariaz jasotzen zela obren adjudikaziodun zen ABEEari egotziko zizkiotela proiektuan ager litezkeen baldintza geotekniko, geo- logiko edo hidrologiko berriek aurreikusitako kostuetan eragindako gehikuntzak.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek zehaztu dute hainbat bilera egin dituztela Autzagane ABEEgaz, arazoari konponbidea eman asmoz. Hala, uztailaren 28an obren zuzendaritzak agindua eman zion kontratistari gehienez ere aste biko epean berriro has zitzala bertan behera utzitako lanak. Baina emandako epea dagoeneko amaituta, Interbiak sozietate publikoak, legeak ematen dizkion bideak erabiliz, kontratua hutsaltzeko espedientea abiarazi zuen.
Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatu Imanol Pradalesek berak jakinarazi du eman beharreko azalpenak emango dituela Bizkaiko Batzar Nagusietan.