Iazko parte hartzaile batzuk
Gastronomiaz betetako asteburua hartuko du Bermeok. Zapatuan, laugarren urtez jarraian, Bermeoko Gazte Asanbladak antolatutako
Taelladie egongo da talan. Domekan, berriz, Bizkaiko III. marmitako txapelketa egingo dute, Nardiz Tar Benanzio kalean, Artza frontoiaren aurrean, hain zuzen ere.
Aurten, apur bat beranduago dator
Taelladie, Talako paella txapelketa. Izan ere, aurreko urteetan, madalenak aurreko asteburuan izan da. Bermeoko Udalaren laguntzagaz, Gazte Asanbladak antolatzen du txapelketa gastronomiko hori.
Taelladien parte hartu gura duten horiek 11:30eatatik 13:30etara eman beharko dute izena. 13:30etatik aurrera epaimahaikideak jarriko dituzte lanean, txapelketara aurkezten dituzten paellak dastatzeko tartea izango dute. Parte hartzaileek ordu eta erdiko tartea izango dute paellak aurkezteko, 15:00rak bitartean, hain zuzen ere.
Jolasak eta musika
Txapelketa gastronomikoaz gain, Talako giroa alaitzeko jarduerak ere ez dira faltako. Goizean, esaterako, umeek ondo pasatzeko aukera izango dute; 12:30etatik aurrera, txikienentzako jolasak egingo baitituzte.
Goizean zehar, gainera, bertsolari zirikatzaileak eta trikitilariak Talatik ibiliko dira.
6:30eatik aurrera, bestalde, paella txapelketako sari banaketa ekitaldia egingo dute, eta ondoren, gazteentzako jokoak egingo dituztela azaldu dute antolatzaileek.
Egun guztian «giro paregabea» egongo dela eta, herritarrak laugarren
Taelladien parte hartzera gonbidatu dituzte.
Domekan, berriz, patatekin eta hegaluzearekin egindako marmitakoaren usaina hartuko du herriak. Lekua, baina, bestelakoa izango da. Talatik, portu aldera mugituko baitira. Nardiz Tar Benantzio kalean egingo baitute domekako txapelketa gastronomikoa. Bizkaiko III. marmitako txapelketa izango da jokoan, Artza jatetxeak babestuta.
Goizean goiz deskargatzea
Marmitako txapelketan parte hartu gura duten horiek, goizean goiz eroan ahalko dituzte marmitakoa egiteko beharrezkoa dituzten gauza guztiak. Hala, 08:00etatik 10:00ak bitartean autoak gunera sartzeko aukera izango dute deskargatzea egiteko.
Kazolen izen ematea, berriz, deskargatze ordua amaitu ondoren hasiko da, eta 11:00ak arte, horretarako aukera egongo da.
Marmitakoa, butanoagaz egin beharko dute parte hartzaileek eta hurrengo osagaiak soilik erabili ahalko direla azaldu dute: tipula, piper txorizeroa, piper berdea, patata, hegaluzea eta olioa.
Bizkaiko III. marmitako txapelketara aurkeztu gura dituzten kazolak 13:30etarako prest eduki beharko dituzte parte hartzaileek, ordu horretan aurkeztu beharko baitituzte. Sari banaketa ekitaldia, aldiz, bazkaldu osterako utziko dute, 17:30ak aldera emango baitituzte marmitako onena egin dutenen izen-abizenak. Hiru gozoenak jasoko dituzte sariak.