Hegaluzea deskargatzen, gaur goizean
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia Bermeoko portuan izan da gaur goizean,Nekazarita, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozekin eta Arrantza zuzendari Leandro Azkuerekin batera, hegaluzearen deskarga ikusten. Hamar egun dira euskal flota lanean ari dela, eta, dagoeneko, 632.500 kilo arrain deskargatu dituzte. Hegaluzearen salmenta prezioari dagokionez, berriz, 3,96 euroko batez besteko prez¡oa lortu du, aurreko urteetan baino prezio hobea.
Hala ere, kanpotik datorren arrainaren eragina ere presente izan behar dela azaldu du sailburuak: “Artisautzako arrantzaldi honek eskatzen duen esfortzuari gehitu behar zaio beste herrialde batzuetatik datorren eskaintzaren igoera.Euskal arrantzaleak behin eta berriz salatzen ari dira kanpotik arrain asko sartzen ari dela eta batzuetan hemengoa balitz moduan saltzen ari dela, prezio baxuan, eta horrek Euskadiko arrantza sektoreari kalte egiten diola”.
Egoera horren aurrean, euskal arrantzaleen lana defendatzeko asmoa agertu du, eta, horretarako, hegaluzea merkatuan modu bereizian agertu behar dela esan du Tapiak. Hala, azken urteetako politikari eutsio dio Jaurlaritzak: “Eusko Label bereizgarriarekin identifikatu behar ditugu ahalik eta pieza gehien. Horrela, arrandegietara doazen kontsumitzaileek ziurtasun osoz jakin ahal izango dute erosten ari diren hegaluzea gure arrantzaleek harrapatutakoa dela; hau da, Euskal Herriko hegaluzea dela, eta kalitatekoa”.
Berritasun bat ere aurkeztu du Ekonomia sailburuak; alegia, identifikatutako hegaluze portzentaia handiagoa izan dadin, arrantzaleek eurek hartuko dute beren gain arraina identifikatzeko lana. Horrenbestez, arrantzaleek harrapatutako kalitateko arrainak Eusko Label berme markaz identifikatuta merkaturatzea espero dute.