Les Aurores de Printemps
Europako folklore ezberdinek eta Afrikako dantza eta doinuek bat egingo dute zapatu honetan, Gernika-Lumon. Nazioarteko Folklore Jaialdia hartuko du, beste behin, Jai Alai pilotalekuak, eta hiru dantza taldek parte hartuko dute: Errusiako Les Aurores de Printemps, Hegoafrikako Soweto Thabisong Dance Company eta Galdakaoko Andra Mari. 21:30ean hasiko da jaialdia, eta sarrera doakoa izango da.
Hogeita bederatzigarren edizioa du Nazioarteko Folklore Jaialdiak. Urtero legez, Bizkaiko hainbat herri bisitatuko dituzte hango eta hemengo artistek. Gernika-Lumora heldu aurretik Galdakaon, Arrigorriagan eta Usansolon izan dira, zein bere herriko folklorearen berezitasunak erakusten. Gernika-Lumoko emanaldiaren ostean, Sopelan ere izango dira, domekan.