Euskal Artzain Txakurren erakusketa monografikoaz gain, zapatuan, XV. azoka ekologikoa hartu zuen Busturiko Axpe auzoak. 30 salmahai inguru jarri zituzten azokan eta horietan denetarik aurkitu ahal izan zuten bertaratutakoek; ortuariak, txakolina, gazta, ogia, sendabelarrak, kosmetika naturala… Dastatzeak ere izan ziren, taloa eta txorizoa batetik; eta ortuari ekologikoekin egindako pintxoak, bestetik.
Trikitilariek eta bertsolariek azokako giroa alaitzen lagundu zuten. Bermeoko zanpantzarren kalejira ere izan zen Axpe auzoan. Auzoko tabernek, bestalde, Erramun Martikorenaren bisita izan zuten, kantuan aritu baitzen guztietatik.