Inoizkorik parte hartze handiena izan du Elena Fernandez memorialak
Ondarru igeri taldekoak pozik geratu dira aurten Ondarroako 30. itsas lasterketak izan duen parte hartzeagaz. Izan ere, Elena Fernandez memorialean hainbat igeri taldeetako 500 lagun inguru batu ziren Arrigorrin.Uretara dzanga egiten lehenak gaztetxoak...
Uretara dzanga egiten lehenak gaztetxoak izan ziren. 2001 urtetik beherakoek 600 metro egin behar izan zituzten igerian. Lehenengo mutilak aritu ziren, eta haien ostean, nesken txanda izan zen. Helmugaratzen lehenak Urbat taldeko Maite Barruetabeña eta Jon Osa izan ziren. Barruetabeñak 6 minutu eta 9 segundo eta Osak 5 minutu eta 57 segundo behar izan zituen proba amaitzeko.
Gazteek amaitu orduko, nagusien txanda izan zen. 1.600 metro egin behar izan zituzten igerian. Lehenengo gizonezkoek egin zuten uretara dzanga, eta haiek lehenengo buiara heldu zirenean, emakumeen txanda izan zen. Helmugaratzen lehenak Fortuna taldeko Maialen Saez eta Alex Ojanguren izan ziren. Saezek 21 minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko, eta Ojangurenek 19 minutu eta 14 segundo.
Emakumeen artean Ioar Urkiri Urbat taldeko ondarrutarraren marka ere aipatzekoa da. Urkiri hirugarren sailkatu zen 22 minutu eta 16 segundoko denboragaz.
Horien guztien atzetik, txikienen txanda izan zen. Askok lehenengo aldia zuten, eta pozez gainezka egin zuten euren neurrira egindako zeharkaldia.
Momentu hunkigarriak
Momentu hunkigarri ugari bizi ziren zapatuko probak iraun zuen bitartean. Uneoro Elena Fernandez Iturrioz igeri taldeko sortzailea eta bultzatzailea gogoratu zuten bozgorailuetatik.
Horrez gain, hainbat urtez bere ikasle izan zirenak batera helmugaratu ziren, eta kiroldegiko bere lankideek ere parte hartu zuten proban.
Sariak banatzen, Kepa eta Ainhoa seme-alabak aritu ziren, eta bukaeran, haren senideek merezitako omenaldi xumea jaso zuten, erabat hunkituta. Igeri taldeko arduradunek lore sorta bat eta oroigarri bat eman zieten.