Erabaki demokratikoak errespetatzeko eskatu du EAJk, 120. urteurrenean
Jeltzaleek Gernika-Lumon egin zituzten ospakizunak, domekan. Ehunka lagun bildu ziren auditorioan. Nazio eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatu du Andoni OrtuzarrekEuzko Alderdi Jeltzalea sortu zenetik 120 urte joan dira, eta urteurren hori Ger...
Jeltzaleek Gernika-Lumon egin zituzten ospakizunak, domekan. Ehunka lagun bildu ziren auditorioan. Nazio eskubideak errespetatuak izan daitezela eskatu du Andoni Ortuzarrek
Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zenetik 120 urte joan dira, eta urteurren hori Gernika-Lumon ospatu zuten jeltzaleek, domekan. Seber Altube auditorioan batu, eta bertan egin zuten eguneko ekitaldi nagusia. Herritarren nahia onartzea eta haiekiko errespetua agindu zuen Andoni Ortuzarrek.Hala, nazio eskubideak errespetatzeko eskatu zuen Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak: «Nazio eskubidearen onarpenetik, subiranotasunetik, elkar ulertuz, berdinen arteko akordio batetik bakarrik izango da posible EAJgaz akordioetara heltzea».
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk ere hartu zuen berba. Haren esanetan, «ideietan, pluraltasunaren errespetuan eta akordioetan oinarrituta eraiki behar dugu Euskadi; inposiziorik gabe».
Europara begira daudela esan zuen Urkulluk: «Hor dago Euskadiren etorkizuna, eta onartutako nazio legez gure lekua izan behar dugu Europan».
Arbolapeko konpromisoa
Batzar Etxean, Gernikako Arbolaren aurrean egin zuten, baina, goizeko lehenengo ekitaldia. 11:00etan batu ziren Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak eta ehundik gora alkate: besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria; Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Eusko Jaurlaritzako sailburuak; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak; Eusko Legebiltzarreko ordezkariak; Nafarroako parlamentukoak; Diputatuen Kongresuko ordezkariak; senatariak eta europarlamentariak.
Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek hartu zuen berba. Gernikako arbolaren babespean, zin egin, eta EAJk euskal nazioagaz, eta jatorria, arraza, sexua edo ideologia bata edo bestea izan, Euskal Herriko herritar denekin duen konpromisoa berretsi zuen.