Danok Batek jantzi du Euskal Herriko herriarteko zesta-punta txapela
Kadete eta gazte mailan lortutako garaipenei esker jantzi dute txapela berriro mutrikuarrek. Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeak, ostera, ezin izan du finalerako txartelik lortuMutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek irabazi dute Euskal Herriko...
Kadete eta gazte mailan lortutako garaipenei esker jantzi dute txapela berriro mutrikuarrek. Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeak, ostera, ezin izan du finalerako txartelik lortu
Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteko kideek irabazi dute Euskal Herriko herriarteko zesta-punta txapelketa, bigarren urtez jarraian. Elkarteko arduradunek Gasteizen aurka garaipena lortzea oso pozgarria dela nabarmendu dute. «Bi urte jarraian txapelketa irabaztea lortu dugu, eta hau guztia urte askoko lanaren emaitza da. Etorkizunean ere aurrera jarraitzeko kemena ematen digu».Kadete eta gazte mailan lortutako garaipenei esker jantzi dute berriro txapela mutrikuarrek. Final handia ikusteko, gainera, Miruaitz jendez bete zen. Beheko alde guztia jendez beteta egon zen, eta goiko harmailetan ere nahikoa jende batu zen.
Hainbat aldaketa
Aurreko astean, Jon Mendizabal Goixarrik min hartu zuen, eta hori dela eta, bikoteen osaketan aldaketa batzuk egin behar izan zituzten. Zehatz esanda, Mendizabal kadeteak gazte mailan jokatu zuen, eta Goenagak nagusi mailan parte hartu zuen.
Kadete mailan, berriz, Manzisidor anaiek Gasteizi 30-10 irabazi zioten, eta gazte mailan ere, erraz irabazi zuten Mendizabalek eta Andonegik, 35-15.
Nagusietan, ordea, gauzak parekatuago ibili ziren, eta bikote osatu berria nahikoa ondo konpondu bazen ere, azken tantoetan ihes egin zien partidak mutrikuarrei. Goenagak eta Elezgaraik 29-35 galdu zuten Del Rio eta Susoren aurka.
Markina-Xemein, atarian
Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeak, ostera, ezin izan du Euskal Herriko herriarteko finalerako txartela lortu. Aurreko astean Azpeitian jokatutako emaitza txarrei ezin izan zien bueltarik eman, eta kantxan itxura ona eman bazuten ere, Azpeitiren aurka 1-2 galdu zuten. «Maila ona eman genuen, baina ezin izan dugu finalera pasa. Finaleko atarian geratu gara, eta horrek zer edo zer penatzen bagaitu ere, pozik gaude lortutako emaitzagaz».
Kadeteetan Agirreamalloak eta Ibarlozak partida oso gogorra eta lehiatua jokatu zuten Azpeitiren aurka. Partida osoan berdinduta joan baziren ere, azken tantoetan aurrea hartu zien azpeitiarrek, 14-22 irabaziz. Gazteetan, ostera, Arrizabalagak eta Urizarrek aukera gutxi utzi zizkieten azpeitiarrei, eta 22-7 irabazi zuten. Nagusietan, azkenik, partida oso berdindua eta borrokatua izan bazen ere, Albizuk eta Pujanak 19-22 galdu zuten.