Madalen Eguna ospatzen da bihar. Bermeo, Mundaka eta Elantxobe dira egun horretako protagonistak. Bermeoko Herri Babesak istripuak ekidin gura ditu, hori dela eta, segurtasuna bermatu asmoz, itsas jaian parte hartu gura duten itsasontziei Bizkaiko Itsas Kapitaintzak ezarritako segurtasun neurriak errespetatzeko eskatzen die.
Herri Babesakoek gogorarazi dutenez, Bizkaiko Itsas Kapitaintzaren neurrien arabera, lau metroko luzera baino gutxiago duten ontziek ezin izango dute itsas prozesioan parte hartu. Sei metro baino gutxiagoko itsasontzi pneumatikoek edo ur motoek ere ezingo dute parte hartu.
Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatzea eskatzen dute. Jaietan segurtasuna bermatzeko, neurriak betetzea “garrantzitsua” dela diote Herri Babesakoek.