Txilipitxeruek elikagai asko batu dituzte lehenengo bilketan
Mundakako Txilipitxeruek elkarteak janari bilketa egin zuen lehenengoz zapatuan. Elkarteko kide Pello Gondrak azaldu duenez, «oso pozik» daude, elikagai asko batu dituztelako.11:00etatik 19:00ak ingurura arte Mundakako plazan egon ziren Txilipitxerue...
11:00etatik 19:00ak ingurura arte Mundakako plazan egon ziren Txilipitxeruek elkarteko kideak. Zenbat kilo batu zituzten «zehatz-mehatz» esateko ez dakitela dio Gondrak, hala ere, «asko izan ziren». Plazatik taldeko lokalera jakiak eroaterakoan, lur-orotako bi ibilgailu «gorarte beteta» eroan zituztela aipatu dute antolatzaileek.
Batez ere, goizean lagun asko bertaratu zirela azaldu du Gondrak: «Jendeak, gainera, ustekabez hartu du, eta pozik hartu dute gure ekimena».
Urte amaieran beste bat
Herritarrek denetarik eroan bazuten ere, arroza, pasta eta esnea izan ziren ugarienak. Gutxiengoak izan ziren, antolatzaileen arabera, garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak. Horregatik, hurrengo bilketa baterako mota horretako produktu gehiago batzea «ondo legokeela» uste dute. Izan ere, taldea oraindik batu ez bada ere, «lehenengo bilketa horren harrera ona ikusita», urte amaierarako beste bilketa bat egitea aurreikusten dute.
Zapatuan batutako guztia Bizkaiko Elikagaien Bankurako izango da, eurek bideratzeko.
Orain arte jaiekin lotura zuten ekintzak antolatzen aritu izan dira elkarteko kideak. Hainbat esparrutarara zabaltzeko erabakia hartuta, zapatuko elikagaien bilketa izan da taldearen lehenengo ekintza «desberdina».