Kale arte sormen berritzaileekin dator 26. Kale Antzerki Jaialdia
Uztailaren 9, 10, 11 eta 12an hartuko du Lekeitiok Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Frantzia, Italia, Polonia eta Euskal Herriko artistek hamabost emanaldi eskainiko dituzteKale-antzerki berriaren alde egingo zutela agindu zuten, eta horren emaitza ...
Uztailaren 9, 10, 11 eta 12an hartuko du Lekeitiok Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia. Frantzia, Italia, Polonia eta Euskal Herriko artistek hamabost emanaldi eskainiko dituzte
Kale-antzerki berriaren alde egingo zutela agindu zuten, eta horren emaitza 26. jaialdia izango da. Atzo aurkeztu zuten Bilbon, Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, eta haize berriak dakartzala agerian utzi zuten Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak, Kukai Dantza konpainiako Jon Mayak eta Arropaineko Arragua proiektuko Maider Illanak eta Mikel Garciak. Zelan ez, eurekin batera egon ziren aurkezpenean Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia antolatzen duen Lekeitioko Udaleko alkate Koldo Goitia eta jaialdia babesten duen Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari kudeatzaile Asier Madarieta.«Lekeitio izan zen aurreneko portua euskal kale-antzerkigintza garaikidearen historian eta urtez urte aritu gara sormen eremu hau berritzen», gogora ekarri zuten. Jarrera berritzaile horren adierazpena Lekeitiok martxan jarri dituen ekoizpen propioak izan dira. Gaur arte 11 kale-antzerki propio sortu dituzte, eta aurtengo edizioak hamabigarrena dakar: Kukaikaxa.
Kukai dantza konpainiagaz lan egin du jaialdiak Kukaikaxa plazaratzeko. Lekeitioren izaera dauka elkarlanak. Izan ere, Kaxarranka eta emakumeen aurreskua dantza tradizionalak berritzen dituen gaurko kale-dantza ekoizpena dela azaldu dute.
Arropaineko Arragua
Sormen propioko ikuskizunagaz gain, Frantzia, Italia, Polonia eta Euskal Herriko kale artisten emanaldiak ikusteko aukera egongo da uztailaren 9tik 12ra. Hamabost emanaldi izango dira guztira, plazan, portuan, Abaroa parkean eta Lekeitioko kaleetan barrena gozatu ahalko direnak. Espazio berri bat ere zabalduko da Arropainen. Herriaren sarreran, esperimentazio eta gaurko sormenerako espazio berri bat altxatu dute: Arragua, eta Arropaineko Arraguak Jaialdiagaz bat egin du. Horrela, lau sormen ez ohiko eta harrigarri eskainiko dituzte: Turukutuparen El paseo de Criku; Archipielen Music Forum; Izaskun Lapazaren Ehundurak eta Antonio Remachadoren bakarrizketa.
Abaroa, clownen parkea
Lekeitioko nazioarteko jaialdiak hamaika eszenografia erabili izan ditu: hondartzak, zerua, plazak, kaleak, portua, itsasoa… Aurten antzezleku berri bat irekiko dute: Abaroa Parkea. Herriaren bihotzean gorderik egon den lorategiak kale-antzerkia eskainiko du aurtengo edizioan. Bi clown kokatu dituzte berdegunean: Ola Muchin poloniarra eta Mac Fois italiarra. Ola Muchinek kale-txotxongiloak maisuki erabiltzen ditu; Mc Fois, bestalde, clown garaikidea da, eta hainbat sari jaso izan ditu jaialdietan.
Plaza erdian kokatuko da, bestalde, Frantziatik datorren haize berria. Barolosolo zirku artea berritu duen talde frantziarra da. Ura eta musika elementuak erabiltzen dituen bi artista-musikari dira. «Eta sormen ikusgarria plazaratzen dute: Ile O».
Lekeition ezagun-ezagunak diren deabruek su txinpartak aterako dituzte berriz ere. Mediterraneoko su usadio ikusgarria sarritan egon da Lekeitioko kaleetan. Aurten, Kataluniako talde bategaz ariko dira Lekeitioko deabruak. Foc ta Su izendatu dute zapatuan kaleak hartuko dituen su ikuskizun bikoitza. Lehen ikuskizuna Isuntza hondartzan hasiko da, bigarrena Tinglaoan hasiko du Tarragonako La Palme d’Ebre herriko taldeak.
Danborren hotsa eta probokazioa nagusi izango dira bariku gauean Pshyco clown kale lanagaz. «Zo Zongo talde gipuzkoarraren musikariak perkusioaren maisuak dira. Estetika, berriz, clown beldurgarrien bidetik abiatzen da», azaldu dute.
Beste alde batetik, gerra baten ondorioak izan daitezkeen irudiak dakartza Andante ikuskizunak. Markeliñe eskarmentu handiko taldearen azkenengo sormena da hura. «Lan saritu hori sentimenduekin eginda dago. Lan serioa eta sakona da. Hausnarketa eta omenaldia izan nahi duen kalejira. Triskantzaren aurkako oihu teatrala».
Ikuslea ere aktore bihurtuko du Arabatik datorren Zanguango taldeak. Flujos ikuskizuna eskainiko dute; alfonbra gorri bat erabiliko dute emanaldian. Oinezkoak handik pasatuko dira, nahi barik edo nahi izanda aktore bihurtuz.