Lamiarango araztegia
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera atxikita dagoen URA Uraren Euskal Agentziak, saneamendu kolektore orokorraren tarte berri bat egiteko lanak esleitu ditu. Mundakako itsasadarraren ezkerreko ertzan egingo dituzte lanak, Sukarrieta eta Lamiarango Hondakinen Uren Araztegiaren artean, hain zuzen ere. Jakinarazi dutenez, 19.365.076,76 euroko aurrekontua dute lanok egiteko eta 24 hilabetean prest izatea aurreikusten dute.
Ajangizek Mundakako itsasadarrera isuri ohi izan dituen hondakin uren bilketa egiten lagunduko dute lanok eta horien bitartez, Lamiarango Hondakin Uren Araztegira bideratuko dira. Era berean, Sukarrietako euri urak eta hondakin urak kolektore nagusira bideratu ahalko dira. Modu horretan, Lamiarango araztegian dagokion moduan tratatu ahalko dira.
Proiektu horren baitan, bestalde, ekaitzetako bi tanke ere eraikiko dituzte kolektorera doazen euri urak murrizte aldera, eta ponpatze estazio bat egingo da hondakin urak Lamiarango Hondakin Uren Araztegira bidaltzeko.
URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitako proiektua da. Saneamendu sarea eraiki, eta hondakin urak Mundakako Lamiarango araztegira bideratzea ahalbidetuko dituzten lanak burutze aldera adostutakoa, hain zuzen ere.
Lankidetza hitzarmenean aurreikusten dira kolektore nagusiko eremu desberdinak eraikitzea: Mundakako itsasadarreko ezkerraldeko ertzean, hain zuzen ere, Gernika-Lumo eta Busturia artean, Muxika eta Gernika-Lumo arteko tartea, eta ponpaketarako beharrezkoa den azpiegitura Sukarrietatik Lamiarango araztegira.
Hala, akordioaren arabera, URAk 49.070.000 euroko inbertsioa egingo du bost urtetan.
Bestalde, azaldu dutenez, Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeaketa plan bat zehazteko konpromisoa hartu du, Busturialdeko saneamendu azpiegituren mantentze teknikoa eta ekonomikoa ahalbidetze aldera.