Lumon burututako udaletxeko sail banaketa
Gernika-Lumoko udaletxeak sail desberdinetan izango diren zinegotzi berrien izendatzea burutu zuen atzo. Alkate berbera baina gobernu desberdina izango duen legealdi berriak Lumon egin zuen udako lehen bilera.
Azken hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak irabazi ondoren, atzoko bilkuran sail desberdinetan izango diren izen berriak ezagutu ziren. Gobernuan alderdi politiko aldaketa izan bada ere, alkate berberak jarraituko du, Jose Mari Gorroñok, beste lau urtez izango baitu aginte makila bere hirugarren agintaldian. Talde egituraketa berriari dagokionez, batzorde desberdinen titularrak Eusko Abertzaleen eta Eusko Alderdi Jeltzalearen partaideek banatu dituzte orain arte EH Bilduko kideak izan dituzten karguak. Gizarte Ekintzak Leire Bidagurenen eskuetan izango da. Hirigintza, Obrak eta Industrigunea Alberto Azuetak hartuko du eta Hezkuntza Iñaki Gorroñok. Kirolak Maria Uriberen eskuetan izango dira. Gazteria sailean Lourdes San Severino arduratuko da. Kirol Patronatua Jon Lejarragak kudeatuko du eta Langileria sailean Ana Hormaetxea izendatu dute. Iñigo Magunak sail mardulenagaz arduratuko da Toki Garapena, Turismo, Merkataritza, Jaien eta Herri Kirolen ardura eskuratuz.
Ohiturari jarraituz, atzoko bilkura Gernikako udaletxean egin beharrean, Lumon egin zuten. Herriaren banaketa dela eta, urtean behin, udala Lumora igotzen da San Pedro jaiak ospatzen diren garaian.