
Udalekuak Muxikan
58 ume izango dira aurten Muxikako udalekuetan. Hiru astetan zehar, tailerrak eta antzerkiak ez ezik, hainbat txango egingo dituzte.
Udalekuetan, gehienez, 50 ume onartzen dituzte, baina oraingoan begirale bat gehiago izango da, ume gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.
Ekainaren 29tik uztailaren 17ra iraungo dute udalekuek, eta 4 eta 12 urte bitarteko umeek parte hartuko dute.Natura Eskolak gazteenen autonomia landu eta auto-estimu eta auto-konfiantza lantzeko tailerrak prestatu ditu.
Horrez gain, martitzenetan herriko auzo desberdinak ezagutzeko txangoak antolatu dituzte. Eguenetan, eguraldia lagun, hondartza egunak izango dira. Trenez egingo dute bidaia, eta arratsaldean bueltatuko dira. Gainera, uztaileko bigarren eguena itsasontzian emango dute eguna, umeek Urdaibaiko itsasadarra ezagutu dezaten.
Auzo guztietako umeak
Muxika hedaduraz Busturialdeko herri handiena da; hori dela eta, udalak auzo guztietako umeak hurbiltzen saiatzen da udalekuetara. Horretarako, autobus bat jarriko du, eta, ahal den neurrian, baserri aurrean batuko dituzte umeak Urretxindorrara eramateko, eta familientzako inolako kosturik barik.