Ohiturari eutsita, asko dira gaurkoan Gaztelugatxeko San Juan bisitatuko duten herritarrak. 06:30ean izan da lehenengo meza. Ordutik, eskaileretan gora eta behera ibili dira goizean goiz hasita hainbat bermeotar. 13:30ak arte orduro izango dira mezak Gaztelugatxeko baselizan. Batzuek meza entzuten dute; beste batzuek, ordea, ohiturarekin jarraitzeko ibilbidea baino ez dute egiten. Hori bai, gehienak ez dira baselizaren kanpoaldean dagoen kanpaia jo barik bueltatzen.
Bermeora bueltan, askok Araneko auzoan egingo dute geldialdia. Jai eguna dute Aranen. Umeentzako jokoak, txalaparta parte hartzailea eta dantza saioa izango dira 15:00etatik aurrera. 20:00etatik 23:00etara, bestalde, Akerbeltz taldearen kontzertuaz disfrutatu ahalko dute bertaratutakoek. Herrigunetik Aranera joateko autobusak ere jarri dituzte. 19:00etan eta 20:00etan aterako dira Bermeotik Aranera, eta bueltan, berriz, 23:00etan eta 23:30etan egongo dira.

Lurgorri auzoko sua
San Juan suaren inguruan
Atzo gauean, bestalde, udako solstizioari ongi etorria eman zioten herritarrek, baita Busturialdean ere.
San juan bezperako gauean, sua piztu zuten han eta hemen. Gernika-Lumon, Lurgorri Auzo kultur elkarteak antolatu zituen txokolate jana, txitxiburduntzia eta sua. Lauhortz kultur elkarteak, bestalde, Ibarra industriagunean egin zuen sua.