
Maiatzean kanpaina aurkeztu zuteneko irudia
Maiatzean abiarazi zuen Bermeoko Udalak txakurrak eta orokorrean animalia guztiak kontrolpean izateko eta herria garbi mantentzeko kanpaina. Hala, jakinarazi dutenez, maiatzaren 14an hasi eta ekainaren 1era arte 159 txakur ikuskatu dituzte, baldintza guztiak betetzen dituzten egiaztatzeko. Arrazoi ezberdinak medio, 16 espediente administratibo ireki dituztela azaldu dute.
Bestalde, txakurren kakak agertzen diren tokiak ere identifikatzen ari dira udaleko langileak, gune horietan kontrol zehatzagoak egiteko asmoz.
Maiatzean martxan jarri zuten kanpainaren baitan, animalien inguruko ordenantza gaurkotu dute, udaltzaingoa jarraipen zehatzak egiten ari da eta eskuorri informatiboak ere banatu dituzte, besteak beste. Eskuorri horietan “txakur bat izatearen ardurak eta horrek ez betetzearen ondorioak” gogorarazten da.
Bermeoko Udaletik adierazi dutenez, “herritarren segurtasuna bermatu asmoz eta herria txukun mantendu ahal izateko, garrantzitsua da animaliek baldintza guztiak betetzea”. Udaltzaingoa, hortaz, jarraipen zehatzak egiten ari da. Hiru aste inguru Alde Zaharrean egin dituzte jarraipen zehatzak, orain, Talan hasiko dira. Dena den, Talan jarraipen zehatzak egitea ez du esan gura gune horretan soilik egingo dituztela jarraipenak.