Txistu doinupean rap-a abestu du Iñigo Iriondok
Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatuta, XIV. Txistu Alardea egin zuten zapatuan, Artza frontoian. 60 musikari eta dantzari inguruk parte hartu zuten, eta «oso ondo» joan zela azaldu dute antolatzaileek.Txistuaren doinuak eta rap musika estiloa u...
Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatuta, XIV. Txistu Alardea egin zuten zapatuan, Artza frontoian. 60 musikari eta dantzari inguruk parte hartu zuten, eta «oso ondo» joan zela azaldu dute antolatzaileek.
Txistuaren doinuak eta rap musika estiloa uztartu dituzte, lehenengoz, hamalaugarren urtez Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatu duen Txistu Alardean. Aurtengo alardea «oso ondo» joan dela esan du Esti Arrizabalaga Musika Eskolaren zuzendariak. Iaz baino jende gehiago bertaratu zen Artza frontoira, eta guztiek esan zuten «oso polita» izan zela. Jendeak gustuko izaten duen arren, hurreratzea «kostatu» egiten dela dio Arrizabalagak.Gatom Taldeko Iñigo Iriondo rap abeslari bermeotarra izan zen gonbidatua, eta hiru abesti aukeratu zituzten txistu doinupean kantatzeko: Duintasun martxak, Especie de extincion eta Euskalakari. Arrizabalagak azaldu duenez, Iñigo «gustura» eta «pozik» geratu zen egindakoagaz, bai eta publikoa ere: «Formatura oso ondo egokitu zen, eta jendeari gustatu zitzaion. Jendearen parte hartzea lortu eta txaloka ere jarri zuen publikoa Euskalakari abestiagaz».
Dantzarako tartea ere eduki zuten. Alkartasuna Dantza Taldekoek fandangoa, arin-arina eta banako bat egin zituzten, besteren artean. Javier Setien dantza eskolakoek, bestalde, tangoa eta pasodoblea dantzatu zituzten.
Udalaren Musika Eskolako txistulariak, koruak eta musikariak, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta Kankinkabara txistu taldeak, Ondarroako Metal taldeak, txalapartariek eta irrintzilariek ere parte hartu zuten XIV. Txistu Alardean. 60 musikari eta dantzari inguru izan ziren agertokian.