Bertoko baratzetarako liburua aurkeztu du Jakoba Errekondok, plazan
Gernika-Lumoko merkatu plazan egin du aurkezpena, eta hainbat izan dira aholku eske joan zaizkion herritarrak. Euskal herritarren jakintzan oinarrituta idatzi du liburuaBaratzezaintzari buruzko liburua aurkeztu zuen atzo Jakoba Errekondok Gernika-Lumok...
Gernika-Lumoko merkatu plazan egin du aurkezpena, eta hainbat izan dira aholku eske joan zaizkion herritarrak. Euskal herritarren jakintzan oinarrituta idatzi du liburua
Baratzezaintzari buruzko liburua aurkeztu zuen atzo Jakoba Errekondok Gernika-Lumoko plazan. Baserritarrez inguratuta, ikusmina piztu zuen usurbildararren liburuak. Bizi baratzea. Garaikoa garaian garaiz du goiburu lan berriak, eta, bigarren argitaldia amaitzeko, hirugarrenari begira da egilea.Euskadi Irratian baratzeari buruzko aholkuak emateagatik da ezagun Errekondo, baita Argia aldizkariko kolaboratzaile delako ere. Azken horren eskutik atera du liburua. Baratzeari buruzko argitalpena lantzen hasi zenean bi gauza zituen buruan: batetik, ulertzeko erraza den liburua egitea, eta, bestetik, estetika zaintzea, testu laburrak izatea, argazki asko, bai eta titular asko ere. Baina, batez ere, bertotik pentsatutako liburua idaztea zuen helburu: «Baratzeari buruz liburu asko ditugu, bai gazteleraz, frantsesez… Baina denak daude mediterraneoko ikuspegitik eginda. Guk gurera ekartzen ditugu, eta horietan azaltzen den legez eginez gero, arazoak izango ditugu». Errekondoren iritziz, Euskal Herrian bada nahikoa jakintza: «Historikoki jaso da baserrietako jakintza hori, eta horretan oinarrituta dago liburua. Gure klimara egokituta».
Eman, hartzeko
Liburuaren bigarren izenburuari ere garrantzia eman dio egileak: Garaian garaikoa garaiz. Eta hirugarren izenburu bat ere baduela azaldu zuen atzoko aurkezpenean: Eman eta hartu. «Nire ustez, eta baratzeari buruz hitz egiterakoan zer esanik ez, askoz garrantzitsuagoa da ematea hartzea baino. Hau da, hartzeko eman egin behar da lehenengo. Eta emankorra da lorea, hazia, fruitua ematen duena: emea. Landareetan ere bai. Horregatik, eman behar da lehenago, eta gero, hartu, harra».
Liburuak aurkibidea, hiztegia, landareen azalpenak, trukuak… eta beste hainbeste atal ditu. Bitxikeriak, baina lagungarriak. Eta baratzea gimnasio merkea nola bilakatu ere azaltzen du Errekondok; kuotarik ordaindu gabe ere, eguzkia hartu, produktua ekoiztu eta giharrak landu daitezkeelako liburuarekin. «Taula batean azaltzen da zein tresnagaz lan eginez gero, zeintzuk gihar lantzen diren». Errekondok esan modura, aitzurragaz lan eginez gero, esaterako, bizepsak, trizepsak, besaurreak eta bizkarra lantzen dira.
Urdaibako esentziak
Jon Andoni Rementeria somelierrak ere parte hartu zuen atzoko aurkezpenean. Urdaibaiko esentziak proiektuaren berri eman zuen. Eskualdeko produktuak babestea helburu, bat egin zuten jatetxe, taberna, ekoizle, nekazari, abeltzainek… Urdaibain ekoizten diren produktuak asko direla esan zuen, eta horiek sustatzea dutela helburu.