
Hainbat dira
Erromeidxe antolatzeko lan egiten duten Bermeoko kultur taldeak. Horien elkarlanaren fruitua zapatuan ikusi ahalko da herriko kaleetatik. Izan ere, aurreko urteetan egin modura, euskal giroaz gozatzeko aukera emango duen egun osoko egitaraua prestatu dute.
Bermeoko taldeen elkarlana eta herriaren jai ohiturak mantentzea da
Erromeidxen helburu nagusia. Urteekin herritarren parte hartzeak gora egin du eta jaialdiak bosgarren urtea beteko du aurton.
Alde Zaharra protagonista
Beste urte batez, goizean, Alde Zaharrak hartuko du protagonismoa. 11:30ean emango diote hasiera egunari; hain zuzen ere, Alde Zaharretik kalejiran abiatuta egingo dute. Taldeetan banatuta, kale desberdinetatik ibiliko dira. Ondoren, 14:00etan, talde guztien bilgunea izango da Goiko Plaza. Han, talde bakoitzak bere erakustaldia egingo du, eta elkarrekin dantza egiteko aukera ere izango dute.
Handik, berriro kalejiran, Artza frontoirako bidea hartuko dute, bertan egingo baitute herri bazkaria 15:30ak aldera. Jakinarazi dutenez, bazkarirako txartelak Zubigane tabernan jarri dituzte salgai.
Ondo jan ostean, iluntzean, aurten lehenengoz, Artza frontoitik atera eta Lameran egingo dute Akerbeltz taldearekin dantzaldia. Hori, 20:00etatik aurrera izango da. Nork bere etxean duen arropa jantzita herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Zozketa
Aurrekoetan egin modura,
Erromeidxeko antolatzaileek zozketa bat ere egingo dute; hala, emakumezkoen jantzi tradizionala eta gizonezkoen jantzi tradizionala zozkatuko dituzte. Jantzi horiek ikusgai jarri dituzte Nestor Basterretxea aretoan.
Bestalde,
Erromeidxe antolatzen duten taldeek Herriko lagunak txistulari taldea izandakoa omendu gura izan dute. Horretarako, baina, argazki erakusketa bat jarri dute Nestor Basterretxea aretoan. Hainbat dira taldetik pasatu izan diren herritarrak eta argazkietan aurkitu ahalko dute beraien burua. Barikura arte bisitatu daiteke erakusketa, arratsaldez, 19:00etatik 21:00etara.