Maiatzaren 16an etapa garaipena eta mendiko sailkapeneko lidertza lortu zituen.
Italiako Giroko mendiko sailkapeneko lidertza martitzeneko etaparen ostean galdu zuen. 91 puntugaz bigarrena da muxikarra, eta 92 puntu ditu Steven Kruijswijk liderrak. Mikel Landa da hirugarrena, 73 puntugaz.
Beraz, oraindik lasterketa mendiko sailkapeneko lider amaitzeko aukera dauka Intxaustik.
Gaur Suitzako Melide eta Italiako Verbania herrien artean lehiatutako etapa Philippe Gilbertek irabazi du. Movistar Team-eko txirrindularia 135. heldu da helmugara, lehenengoarengandik 21 minutu eta 57 segundora.
Alberto Contadorrek jarraitzen du lider, Mikel Landa da bigarrena 5 minutu eta 15 segundora, eta Fabio Aru hirugarrena, 6 minutu eta 5 segundora. Sailkapen nagusian 33.ena da Intxausti, Contadorrengandik ordu bete, 35 minutu eta 35 segundora.
Bihar etapa luze eta gogorra dute aurretik. Izan ere, 236 kilometroko ibilbidea egingo dute Gravellona Toce eta Cervinia artean. Etziko etaparen ostean, domekan amaituko da Italiako Giroa Milanen.