Urtabi urpeko taldeak antolatuta, zapatuan eta domekan Euskadiko Urpeko Arrantza txapelketako finala jokatuko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko urpeko hogei arrantzalerik onenak arituko dira nor baino nor gehiago. Hain zuzen ere, Bizkaiko txapelketan sailkatutako lehenengo hamabi arrantzaleek, eta Gipuzkoako txapelketako lehenengo zortzirek lehiatuko dute txapelketa.
Bizkaitarren artean, Lander Aurrekoetxea bermeotarrak, Patxi Unda Muxikako bizilagunak eta Ander Bergara ondarrutarrak parte hartuko dute. Halaber, besteak beste, Jon Mikel Bikandi hiru aldiz Euskadiko txapeldun izandako durangarra ere Bermeon egongo da.
Bi egunetan, partehartzaileak Bermeoko portutik irtengo dira txapelketa burutuko duten leku zehatzetara.
Egun bakoitzean bost ordu iraungo du probak, eta jardunaldi bakoitza amaitzean, Bermeoko portuko ranpa inguruan arrainak pisatuko dituzte, 14:30ak aldera.
Partehartzaileek txapelketan zehar arrantzaturiko arrainak Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango dizkiete.
Finalean lehenengo bosten artean geratzen direnak, ekainean Getxon lehiatuko duten Espainiako txapelketara sailkatuko dira. Hain zuzen ere, final hori Euskal Herrian lehiatuko dutelako sailkatuko dira bost arrantzale; beste leku batzuetan denean, bi pertsona sailkatzen baitira.
Domekan, arrainak pisatu ostean, partehartzaileek eta antolatzaileek elkarrekin bazkalduko dute Bermeoko jatetxe batean. Gero, bazkalostean egingo dute sari banaketa. Lehenengo hirurak saritzeaz gain, arrain handiena arrantzatzen duenak ere saria jasoko du.