Batzoki aurreko semaforoa
Sukarrieta zeharkatzen duen errepide nagusiak segurtasun puntu berriak ditu. Oinezkoek errepidea segurtasun osoz zeharkatzeko lau puntu dituzte jada, izan ere, Sukarrietako Udaletik azaldutakoaren arabera, semaforo sistema berria jarri dute. Hain zuzen ere, sinkronizatuta dauden semaforoak jarri dituztela azaldu dute.
Sukarrietako Udalaren helburu nagusia errepidea zeharkatzen duten ibilbideen abiadura moteltzea da, modu horretan, «oinezkoen segurtasuna bermatzeko». Jakinarazi dutenez, lau semaforo ezarri dituzte: Batzokiaren aurrean, Munitizko bidegurutzean, La Marisma parkeko irteerako bidegurutzean eta Txatxarramendi irlaren parean.
Botoi bidez funtzionatzen duten semaforoak dira eta sinkronizatuta daudenez, oinezkoak botoia sakatzen dutenean, gorriz jarriko dira laurak. Era berean, semaforoetan oinezkoentzako zebrabideak ere margotu dituzte, «bidea segurtasunez eta lasaitasunez gurutzatu dezaten».
Udaletik adierazi dutenez, herritarren eskaerei erantzuna emateko neurria da hartu dutena. Sukarrietako errepide nagusiko gehienezko abiadura 50 kilometro ordukoa da. Hala ere, gidari askok ez dutela errespetatzen diote, «eta oinezkoen arriskua areagotzen da». Herriko kale nagusia izanik, beraz, semaforo sistema berri hori ezartzeko erabakia hartu dute.
Botoi bidez funtzionatzen duten semaforoak eta zebrabideak ezarri dituzten errepidea, foru bidea dela dio Sukarrietako Udalak. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Herri Lan Sailak garatu duen proiektua dela azaldu dute. Gune horietan egin behar izan dituzten obra zibilak, aldiz, Sukarrietako Udalak egin ditu.