Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileak prestakuntza hartzen ari dira
Bermeon mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzen dituztenentzako prestakuntza ikastaro bat eskaintzen ari da Bizitzen Fundazioa, Bermeoko Gizarte Ongizateko Udal Patronatuaren eta Hobetuzen laguntzarekin.
Ikastaroaren izenburua mendekotasuna duten pertsonen zaintza da eta ekainaren 25era bitartean eskainiko da. Guztira, bi orduko zortzi saio ditu ikastaroak eta dagoeneko martxan da. Jakinarazi dutenez, 12 lagun ari dira aipatu ikastaroan parte hartzen.
Ikastaroaren helburua “mendekotasuna dutenak zaintzeko informazioa eta oinarrizko estrategiak ematea” dela diote. Gizarte Ongizate Udal Patronatutik azaldutakoaren arabera, “mendekotasuna duten pertsonak zaintzea gogorra da, eta ikastaro honekin zaintzaileei oinarrizko estrategia batzuen berri eman gura zaie lan hori erraztu asmoz”.
Ikastaro horretan, zaintzaileek, arrisku egoerak identifikatzen eta horietan nola jokatu, mendekotasuna duten pertsonen etxebizitzak zelan egokitu eta mugitzeko teknika berriak erakutsiko dizkiete. Ildo berean, parte hartzaileek egun dauden baliabideei buruzko informazioa eta mendekotasuna duten pertsonen eskubideen berri izango dute, besteak beste.