Zerbitzuetako eraikin barik egon da Aritzatxu hondartza iazko denboraleen ostean
Joan den astean hasi zituzten Aritzatxu hondartzako kantina birgaitzeko lanak. Joan den urteko denboraleen ondorioz, hondartzak kalte “larriak” izan zituen. Hondartzako kalteak konponduta, baina, erabilgarri izan zen joan den udan. Aritzatxuko kantina, berriz, ez zen erabilgarri egon, “ezinezkoa” izan zen prest jartzea.
Orain, izapide guztiak egin ostean, birgaitze lanak egiten hasi dira. Horiek Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean egingo ditu eta udarako prest egotea aurreikusten dute. Martxoan Bizkaiko Foru Aldunditik iragarri zuten modura, egurrezko etxola bat izango da, hain zuzen ere, Aritzatxu hondartzan eraikiko dutena. 10,20 metro koadroko azalera erabilgarria izango du. Eraikin hori sorospen eta salbamendu zerbitzuentzako postua izango da, eta, bestalde, emakumezkoentzako zein gizonezkoentzako komunak, erakusmahai bat eta terraza bat egongo direla iragarri zuten aldunditik. Lanok egiteko 60.475,82 euroko inbertsioa egingo dutela zehaztu zuten.
Azpiegitura berria udarako prest egongo dela aurreikusita, Bermeoko Udalak Aritzatxuko kantina ustiatzeko deialdia zabaldu du. Interesa duten horiek guztiek oinarriak kontsultatu eta eskariak aurkeztu ahal izango dituzte Berh@z bulegoan ekainaren 12ra arte.
Talako kantinan lanak
Talan dagoen kantina ere egokitu beharrean dagoela azaldu dute Bermeoko Udaletik, eta asteon esleituko dituzte lanok. “Ahalik eta arinen” hasiko direla azaldu dute, udan kantina hori zabalik egoteko asmoz. Era berean, kantina horretan zerbitzua emateko deialdia ere zabaldu dutela azaldu dute udaletik. Interesa dutenek dokumentazioa kontsultatu eta eskariak aurkeztu ahalko dituzte Berh@z bulegoan maiatzaren 30era arte.