Munduko arrozen antolatzaileak
Seigarren urtez, Munduko arrozak lehiaketa antolatu dute herriko hainbat gizarte eta kultur eragilek. Zapatuan egingo dute, eta parte hartu gura duenak izena eman beharko du,
gernikag@gernikagogoratuz.org helbidera idatzita. Bihar orduko apuntatzeko eskatu dute antolatzaileek, aulkien eta mahaien aurreikuspena egin ahal izateko. Apuntatzerakoan, izena, kontaktua eta zenbat pertsonako taldea den zehaztu beharko da. Jaialdia antolatzeko, gainera, pertsonako euro bat ordaintzeko eskatuko dute antolatzaileek.
Koadriletan antolatuta, zeinek arroza bere modura prestatu beharko du egun horretan. Helburua, antolatzaileen esanetan, jatorri ezberdinetako jendea batzea eta hartu-emanak bultzatzea da. “Topaketa honetan parte hartzen dugunon artean gure herri eta auzoetan dagoen aniztasunaz jabetzea da xedea, herrialde bakoitzeko aberastasun eta bizipen kulturalak trukatzeko”. Parte hartzen duen talde bakoitzak arrozarekin egindako plater bat aurkeztu beharko du, eta jatorri ezberdinetako gernikarrek osatutako epaimahai batek erabakiko du zein den arrozik onena.