Herritarren diru laguntzak ordaintzeko kreditua eskatuko du Berualak
Bermeoko Hirigintza Berriztatze Elkartearen, Berualaren, Batzar Nagusiak 208.000 euroko kreditu-lerroa kontratatzea onartu du. Kreditu horren bitartez, joan den legealdian Alde Zaharreko herritarrei birgaitze lanak egiteagatik onartutako diru laguntzak ordainduko dituzte.
Berualako arduradunek azaldutakoaren arabera, «joan den legealdian onartutako diru laguntza guztiak ordaintzea zen asmoa, baina indarrean dagoen legediak ez du baimendu kopuru handiagoko kreditu bat kontratatzea». Hala, jakinarazi dutenez, Berualak zor dituen diru laguntzak «antzinatasun-data kontuan hartuta» ordainduko dituzte.
Lehenbailehen ordaindu
Berualatik adierazi dutenez, 2012. urtean zorrean zuten zati bat ordaindu zuten. Ondoren, 2013. urtean, Bermeoko Udalak Berualaren galerei aurre egiteko mailegua eskatu zuen. Berualak mailegu horren baitan sartu gura izan zuen herritarrei ordaindu beharrekoa, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren dekretuak «ez zuela hori ahalbidetzen» diote. Orain, legediak baimentzen dien kreditu hau kontratatzeko erabakia hartu dute.
Berualaren helburua Alde Zaharreko herritarrei birgaitze lanak egiteagatik onartutako diru laguntza guztiak «lehenbailehen» ordaintzea dela azaldu dute elkarteko arduradunek.