Barikuan Mundakako BC dendan egin zuten aurkezpena
Bermeo eta Mundaka arteko igeriketa probarako izen ematea itxita dago dagoeneko. Izan ere, hamar egunetan bete dute 300 partehartzaileko kopurua. Arkaitz Gorostiaga eta Koldo Ruiz antolatzaileen berbetan, “oso pozik gaude, iazkoa oso arrakastatsua izan zen, eta aurten lehenengo egunean 100 lagunek eman dute izena”.
Ekainaren 27an, igerilariek 12:00ak inguruan marean gora ekingo diote lehiari. Bermeoko portutik, Mundakako portura bitartean 2.500 metroko distantzia egingo dute igerian. Hain zuzen ere, partehartzaile guztiak autobusez joango dira Mundakatik Bermeoko irteera lekura.
Aurreko egunean, 19:00etatik 21:00etara banatuko dituzte dortsalak. Hala ere, bariku arratsaldean Mundakara joaterik ez dutenek, egunean bertan proba hasi aurretik izango dute dortsalak hartzeko aukera.
Bariku iluntzean Mundakan egin zuten probaren aurkezpen ekitaldia. Antolatzaileekin batera, han egon ziren gizonezkoen mailako iazko irabazle Ibon Salazar, eta Orca babesleetariko baten ordezkari Raul Casañas.
Aurretik, arratsaldean, neoprenoak probatzeko Bermeo eta Mundaka arteko itsas zeharkaldia egin zuten entrenamendu moduan.
Antolatzaileek azaldu zutenez, “bai gizonezkoetan baita emakumezkoetan ere, neopreno barik eta neoprenoagaz lehiatzen direnentzat egongo dira sariak”. Halaber, lehenengo heltzen den bermeotarra edo mundakarra ere sarituko dute.