Emakumeak Uhinetan jardunaldiak antolatu ditu EUP irratiak biharko
Markina-Xemeingo irratia berriro ere martxan jartzen ari dira, eta lehen ekimena izango da biharkoa. Emakumeak ere irratira hurreratu, eta denentzat gustuko gune bat sortu nahi duteEmakumeak izango dira EUP irratiak biharko antolatu dituen Emakumeak Uh...
Markina-Xemeingo irratia berriro ere martxan jartzen ari dira, eta lehen ekimena izango da biharkoa. Emakumeak ere irratira hurreratu, eta denentzat gustuko gune bat sortu nahi dute
Emakumeak izango dira EUP irratiak biharko antolatu dituen Emakumeak Uhinetan jardunaldien protagonistak. Hasieran hitzaldi bat izango zena, azkenean, egun osoko jarduna bihurtu dute.16:00etan hasiko dute eguna, zuzeneko irratsaio bategaz. «Euririk ez balego komun publikoen gaineko kioskoan jarriko dugu mahaia, jendeak ikusi ahal izateko», azaldu du Jon Arriaga EUP irratiko kideak.
Bi ordu inguru iraungo duen saioan Markina-Xemeingo gailak landuko dituztela aurreratu dute. Horrela, Oliba Gorriak musika taldeko kideen elkarrizketa entzun eta Abarka antzerki taldearen egitasmo berriaren berri jakin ahalko da Nekane Zinkunegiren Zebrabidea irratsaioaren zuzenekoan. Arrosa sarearen bidez entzun ahalko da irratsaioa.
19:00etan hasiko diren hitzaldietan ere emakumea izango da protagonista. Amaia Lekunberri EUP irratiko kideak gidatuko ditu hizlariak. Danele Sarriugartek Emakumea eta eremu publikoa gaia landuko du. Gero, Oihana Etxebarrieta Bilgune Feministako kideak hartuko du hitza, eta, azkenik, Zinkunegik bere esperientzia kontatuko du.
Jardunaldiak ez du etenik izango gauera arte. 21:30ean afaria egongo da frontopean, eta txartelak Buztarri eta Patxua tabernetan jarri dituzte salgai.
Amaitzeko, taulagainera igoko dira neskak kontzertuei hasiera emanez. 22:30ean izango da lehenengo emanaldia. Nerea eta Lorea aterako dira hasteko oholtza gainera, eta Uluka, Xarpa eta DJ Margarita egongo dira ondoren taula gainean.
Berriro martxan
EUP irratia berriro ere martxan jartzen dabiltza 25 lagun inguru Markina-Xemeinen. Denak, bat izan ezik, gizonezkoak dira, eta emakumeen presentzia faltan bota dute. Irratia bai gizonezkoentzat zein emakumezkoentzat gustuko eremu izatea nahi dute, eta, beraz, lehenengo sortu eta emakumeak bertara erakarri barik, hasieratik emakumeentzat ere erakargarria izatea nahi dute, «nahi dutenek gustura parte hartzeko bertan».
Beste alde batetik, irratia berriro martxan jartzeko ikastaro batzuen premia dagoela ikusten dute: zelan grabatu, mahai bat zelan erabili eta emakumea irratian zelan tratatu jakiteko ere formakuntza bat jaso nahi dute. «Emakumeak irratian parte hartzea ez da helburu bakarra, emakumeen gaia zelan lantzen den ere kontuan eduki nahi dugu», azaldu dute. Hau da, edozein gai lantzeko orduan emakumeak ere kontuan eduki nahi dituzte informazio iturri modura edo protagonista bezala. Emakumeen presentzia bermatu nahi dute, eta hori egoki egiteko formakuntza behar dutela aurreikusi dute, eta horregaz hasiko dira bihar.