Lekeitioko EH Bildu: Lau urteko balantzea
Arinago ere idatzi dut Lekeitioko Udalean EH Bilduk erakutsitako gaitasunik ezaren eta beste gauza batzuei buruz. Oraingo honetan, lau urteen balantze antzekoa egin nahi dut, labur bada ere.Batetik, hiru gauza on, zoritxarrez, ia bakarrak: parte hartze...
Batetik, hiru gauza on, zoritxarrez, ia bakarrak: parte hartzeko tresnak, gutxieneko maila batean bultzatu izana; auzo batzuetan konposta egiteko baliabideak jarri izana; eta merkatuari itxura garbia emateko egindako lanak.
Bestalde, makina bat gauza txar: bandera espainola udaletxean; Rajoyren aginduei bete-betean kasu egitea; udaleko hainbat lanpostutan «entxufismoa» nagusi izatea; herrirako proiektu garrantzitsu bat bera ere ez bultzatzea eta gauzatzea (Maderas de Lekeitio, enpresa txikientzako zerbitzu gunea, itsas eta kultur turismoa…); langabeziaren hazkundeari aurre egiteko neurririk ez hartzea; etxebizitzaren arazoan pauso txikienik ere ez ematea; herriaren hirigintza plangintza berria egiteko ezer baino ezer ere ez egitea; ekintzetan baino irudietan gehiago oinarritzea (logotipo berriak, koloreetako aldizkari garestiak…); kirol taldeentzako eta kiroldegiaren kudeaketa negargarria; herri ondarea ez zaintzea (Ondarzabal).
Hitz batean esateko, ia gehiago izan dira HITZAn Lekitto Bedarrekoek ateratako albisteak, udalarenak baino. Hortik aparte, beste datu adierazgarri bat: gauzak ondo egiten direnean eta ilusioa dagoenean, alkateak eta alkateordeak jarraitzeko gogoa edukitzen dute, baina Lekeitiokoen kasuan ez batak ez besteak ez du jarraitzen. Benetan adierazgarria, herrigintza hain garrantzitsua dela pentsatzen dugunontzat. Baina ez da hor amaitzen dena: zer egin behar dugu orain dela lau urte botoa EH Bilduri eman genionok? Nik argi daukat: Batzar Nagusietarako bakarrik ematea, Unanue eta Gezuraga gure ordezkari izan daitezen.