Beira batzeko kanpaina berezia jarriko dute martxan asteburuan
Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresagaz batera, tabernetako beirazko botilak batzeko kanpaina berezi bat martxan jarriko du asteburuan, Arrain Azoka dela eta. Aparteko zerbitzu hori 41 tabernari eta Arrain Azoka guneko txosnei emango zaiela adierazi dute...
Kanpaina horren bitartez, udalak Arrain Azoka egunetan botilen birziklatzea «gehitu» gura du. Horretarako, azoka inguruko ostalariei laguntza emango diote. Irune Ormaetxea zinegotziaren esanetan, «egun horietan tabernariak gainezka ibiltzen dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko». Hala, Lamerako Portuzarreko eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan gurpildun ontzi bat utziko dute, botilak bertan sartzeko. Horiek batzeaz lau pertsonaz osatutako talde bat arduratuko da, «aldizka pasatzen ibiliko dira taberna guztietatik». Bariku eguerdian hasi eta domeka eguerdira arte izango da martxan zerbitzua, eta 15.000 kilo beira hondakin biltzea aurreikusten da.
Hamar edukiontzi berri
Era berean, orokorrean beiraren birziklatzea indartzeko eta kaleko edukiontziak estetikoki herrian hobeto integratzeko, Lamerako, Portuzarreko eta Alde Zaharreko hamar edukiontzi ordezkatuko dituzte. Mahoiz jantzitako arrantzale baten irudia izango dute edukiontzi berrek: esku batean hegaluzea izango du, eta bestean arraun pala bat.