Auto lasterketak aurkeztuko ditu Sportech-ek
Open del Norte de Montaña Sportech eta Open de Rallyes de Asfalto Sportech txapelketak aurkeztuko dituzte barikuan, Markina-Xemeingo Kareaga industrigunean, automobil munduari lotutako ekitaldi bereziagaz. Autoentzako kirol osagaien Sportech enpresak ...
18:00etan hasiko da Sportech Open Day ekitaldia karting erakustaldi bategaz, eta nahi duten guztiek kart-etan ibiltzeko aukera edukiko dutela aurreratu dute. Ondoren, 19:00etan, Txus Jaio, Ander Arana eta Iban Tarsicio pilotu ezagunek slalom erakustaldi bat egingo dute euren autoekin Kareaga industrigunean bertan, eta nahi dutenek kopilotu joateko aukera ere izango dutela azaldu dute jardueraren antolatzaileek.
Federazioak eta pilotuak
Ekitaldiak dirauen bitartean, gainera, rallyetako simulagailu profesional bat erabiltzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, eta 18:30etik 20:00etara bitartean, txapelketa birtual bat jokatuko da. «Denborarik onena egiten duenak OMP Racing etxeko kamiseta eta bisera bat jasoko ditu».
20:00etan aurkeztuko dituzte Sportech-en open biak, eta Euskal Automobil Federazioko, Nafarroako eta Errioxako Automobilismo Federazioko eta Kantabriako federazioko ordezkariek hartuko dute parte bertan. Horretaz gainera, hamar pilotu ezagunek baino gehiagok euren parte hartzea baieztatu dutela zehaztu dute Sportech enpresakoek.
Aurkezpenen eta prentsaurrekoaren ondoren, ekitaldiari amaiera ematen joateko, mokadutxoa hartzeko aukera izango dute gonbidatuek, eta ondoren, Sakris Pub tabernan jarraituko du jaiak.