Festa giroan murgilduko dira gaur ajangiztarrak
Ajangiztarrek gaur iluntzean emango diete hasiera herriko jaiei. 21:00etan igoko dute saragia, Errenteriko zubitik Ajangizera. Soka dantza egingo dute gero, baita bakailao jana eta ardo edana ere.Hurrengo domekara bitartean, ospakizunetan murgilduko da...
Hurrengo domekara bitartean, ospakizunetan murgilduko da herria, eta festa giroa izango da nagusi Ajangizen.
Bihar, esate baterako, Asentzio egunean, meza emango dute goizean; arratsaldean, briska txapelketa izango dute herrian, eta txokolate jana ostean.
Kontzertuak barikuan
San Isidro eguna izango da barikukoa, eta herriko festen artean egun handia. Meza, umeen jolasak eta kontzertuak izango dira egun horretan. Hain zuzen, The Riff Truckers, Espaloian eta Las Tea Party izango dira Ajangizko plazan.
Zapatuan, berriz, Txakolin egunagaz gozatuko dituzte festak. Artzube dantza taldearen saioak emango dio hasiera eguneko egitarauari, 13:00etan.
Ostean, Larrain dantza herrikoia egingo dute. Herri bazkarian bilduko dira eguerdian ajangiztarrak, eta bazkalostea girotuko dute Izer eta Alabier trikitilariek.
VIII. Mugetatik Bira
Hilaren 17an, berriz, Ajangizko mugetatik bira egingo dute. Mendi martxa luzean eta laburrean parte hartzeko aukera egongo da. 08:30ean aterako dira ibilbide luzeko parte hartzaileak, eta 09:30ean laburrekoak. Izena egunean bertan eman beharko da, Ajangizko plazan. Arratsaldean, berriz, Muxikako andreen Errautsetatik erne antzezlana egongo da ikusgai, Ajangizko elizan. Sarrera 3 eurokoa da, eta Ajangizko herriko tabernan eta kultur etxean, Muxikako Zubieta-errota liburutegian eta Gernikako Lagun-Etxea tabernan daude salgai.
Mus txapelketagaz eta sardina janagaz agurtuko dituzte festak.