'La viuda Alegre' estreinatuko dute bihar Marurik eta Santamariak, Bilbon
Ondarrutarrak eta gernikarrak inoiz Bilbon egon den antzerki musikal handiena estreinatuko dute. Arriagan egongo dira, hilaren 24ra arte. Natalia Millan izango dute kideIñaki Maruri ondarrutarrak eta Mitxel Santamaria gernikarrak La viuda alegre inoiz...
Ondarrutarrak eta gernikarrak inoiz Bilbon egon den antzerki musikal handiena estreinatuko dute. Arriagan egongo dira, hilaren 24ra arte. Natalia Millan izango dute kide
Iñaki Maruri ondarrutarrak eta Mitxel Santamaria gernikarrak La viuda alegre inoiz Bilbon egon den antzerki musikal handiena estreinatuko dute bihar, Bilboko Arriaga antzokian. Musikala hilaren 24ra arte egongo da ikusgai Arriagan. Eurekin batera, Natalia Millan Espainiako aktore ezaguna egongo da taula gainean.Marurik eta Santamariak koruak egin eta dantzarien papera beteko dute emanaldian. Eta eurekin batera egongo dira orain arte Cabaret Chihuahua-n edota beste hainbat lanetan kide izan dituzten Ylenia Baglietto, Itxaso Quintana eta Karmele Larrinaga. «Dantzan egin eta abesteaz gain, aktoreak ere bagara eta hori igarri egingo dute ikusleek».
Arriagak, 125 urte
Arriaga antzokiak aurten 125 urte betetzen dituela eta, «zer edo zer berezia» egin nahi zuten. La viuda alegre, izatez, opereta bat da. Baina bihar estreinatuko dena bertsio bat da, moldaketa bat. Moldaketa egiteko, ekoizleek hiru abeslari liriko eta musikaletako beste hiru hartu zituzten. Eta obra genero musikalera eroan dute.
Musikaletatik datozen abeslariak Silvia Luchetti (Sonrisas y lagrimas) eta Guido Balzeratti (Los Miserables) dira.
Emanaldiak ordu bat eta 30 minutuko iraupena dauka, eta saio guztiak 20:00etan hasiko dira, domeketan izan ezik; asteko azken egunetan 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Sarrerak salgai daude.
Sei aste luze eman dute aktoreek musikala entsegatzen. Eta orain estreinatzeko desiratzen daude. «Taldean giro ona dago; ondo konpontzen gara guztiok, eta gustura gaude».
Antzezlan «ikusgarria»
La viuda alegre glamour hitzaren esanahi zehatza ezagutzeko obra dela diote. «Musikala opera klasiko handiaren produkzio propioa da, ukitu batzuk eginda eta musikal handi bihurtuta». Ikuskizuna «mundu guztiari» zuzenduta dagoela diote, «denek gozatzeko eta barre egiteko aukera izan dezaten».
Ikuskizuna entretenigarria eta harrigarria dela eta «erraz ulertzeko» testua duela dio Marurik. «Hori bai, arropak, dekoratua eta abar, Madrileko musikaletan edota beste hiri handietako musikaletan ikusi daitekeen modukoa da».