Lanak, Golako errekan
Herritarrak uholdeengandik babesteko asmoz, euri urak batzeko sistema hobetu du Arratzuko Udalak. Besteak beste, Golako errekaren ertzak eta ubideak konpondu ditu, BI-2238 errepidearen inguruan, Gernikatik Lekeitiorako irteeran. Harri lubeta eraiki dute, lur jausiak saihesteko eta sedimentuak kentzeko; errekaren edukiera berreskuratzeko eta etokizunean ura gainezka egitea saihesteko. Hain zuzen, Golako errekaren ertz bietan 1,80 metroko altuera eta 5 metro zabalera dituen harri lubeta ipini dute. Barrutiako Tabernabarri-Zubitzaurren ere obrak amaitu ditu udalak. Lan horiek egiteko 114.000 euro inbertitu ditu Arratzuko Udalak.
Uarka auzoan ere hobekuntzak egin dituzte: Zubialdeko horma handitu eta 800 metroko euri uren hoditeria berritu dute, besteak beste. Zabala-Belendizen ere lanak egin ditu udalak, eta euri urak batzeko lanak ere egin dituzte Barroetabekoan. Lan horietarako 60.000 euro inbertitu ditu udalak.
Uraren kalitatea hobetzeko lanak
Era berean, herriko ibaietako uraren kalitatea hobetzeko neurriak hartu ditu Arratzuko Udalak. Hala, ur saneamendu sarea hobetu du Uarka, Barrutia eta Gorozika auzoetan. Arraztuko alkate Josu Planok adierazi duenez, saneamendu sarea hobetzeko lanekin jarraituko du udalak: “Arratzun hiri edo herri onenen pareko bizi klaitatea bermatzeko herritarrei zerbitzuak eskaintzea da gure betebeharra, eta saneamendua da lehentasuna”.